Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa

Koska bat gora

Beñat Gaztelumendi Arandia nagusitu da Oiartzungo saioan, 506 puntu bilduta. Haren atzetik sailkatu dira Alaia Martin Etxebeste (493), Ane Labaka Mayoz (472), Asier Azpiroz Iztueta (463), Iñigo Mantzisidor Larrañaga (453) eta Amaia Iturriotz Etzaniz (438).

Beñat Gaztelumendi finalean ariko da, Agin Labururekin batera. GORKA RUBIO / FOKU
Manex Mantxola Urrate.
2019ko azaroaren 26a
09:49
Entzun

Aurreko kanporaketarekin alderatuta, Oiartzungoak koska bat gora egin du, bai entzuleei, bai puntuei eta baita giroari dagokienez. 2.000 belarritik gora elkartu dira Elorsoro kiroldegian, sei eztarrik eskaintzeko zutenari adi. Eta bertsolariek ez dute hutsik egin, saio dotorea osatu baitute denen artean.

Agurretan aipatu dituzte Iturriotzek entzuleei jositako trajea, Labaka bera eta ahizpa guztiengatik oihuka ezkutalekutik irtenda, Mantzisidor Illunbeko atearen neurriaz, Azpirozen finalerako errezeta baratxuri eta guzi, Gaztelumendik Irrien Lagunen zentsuraren aurka egindako aldarria eta Martinen asmoa, bere herrian, "katedral bat" egiteko.

Hamarreko handian ekin diote saioari, gogotik ekin ere. Labaka eta Iturriotz izan dira lehenak kantuan, 20 urte preso daramatzan lagunari bisitan geroz eta gutxiago joaten direla eta. Nabarmentzekoa Labakaren bigarren bertsoa: "Gaizki sentitzen zera Amaia ta ni ere hala nago./ Kordoba horren urruti dago, bai martxo ta bai azaro./ Baina ez nuen hala espero ta sentitzen naiz arraro:/ berak ezin du gehiago eta guk ezin degu gehiago./ Ez da mugitzen, zergatik dago geroz eta urrunago?".

Azpiroz eta Mantzisidor ere dotore aritu dira, nerabeek lehen parrandak egiten dituzten tabernako jabeen rolean. Bar Tolo izena jarri dio bigarrenak. eta horrekin aritu dira, kritikaz, baina umore kutsuarekin.

Hirugarren ofizioa Martini eta Gaztelumendiri egokitu zaie. Bi gizon langile dira, eta lan egiten duten enpresan emakumeek gutxiago kobratzen dute lan berdina eginagatik ere. Protestan ari dira emakumeak, baina beraiek ez dira batu. Aparteko ofizio bat osatu dute biek, oso-osorik berriz entzuteko modukoa.

Zortziko txikian izan da ale ederrik. Iturriotz eta Mantzisidor, herri lurretako baratzetan dabiltza; lehenak ilargiaren arabera egiten ditu lanak, bigarrenarentzat sineskeriak dira horiek. Jakoba Errekondoren erreferentziak tarteko, biak aritu dira bizi baratzean: "Ilargitikan bizi dena da Jakoba" bota du zarauztarrak, esaterako.

Aipatzekoa ere Azpiroz eta Martinek egindakoa: batak hiru ordu eman ohi ditu bizilagun diren eraikineko eskailerak garbitzen, besteak ordu laurdenarekin aski. Esaterako, bertso ederra josi du Martinek, Azpiroz "“bizi-etsai"-ak zokalo bat ahaztu zaiola leporatu dionean: "Badut Scotch-Brite-a, badut likidoa/ eta besoetan dut sasoi solidoa./ Zokaloko hostoana, a ze enbidoa./ Propio eman nahi nion udazken giroa".

Seiko motzean gora egin du saioak, eta hiru ariketak izan dira maila onekoak. Ezin aipatu gabe utzi, Mantzisidor eta Martinek eta Iturriotz eta Gaztelumendik osatutakoak. Lehenengo biak bi historia irakasleren larrutik kantuan aritu dira. Mantzisidorrek Martini leporatzen dio bere ideia politikoen araberako kontakizuna egiten diela ikasleei. Dotore ekin dio Martinek: "Eraila eroria,/ gaizkia edo ongia,/ zulo iluna, haran handian zegon hilobia./ Nik badakit teoria/ ta zer den kare-goria,/ subjektiboa izan da beti Euskal Historia."; eta Mantzisidorrek erantzun: "Dena Nafarroa dala,/ nik badakit zuk bezala./ Baina kontatzen dezun guztia ez degu kabala./ Aizu zuk dezu azala!/ Iruditzen baitzait hala:/ historiatik ipuinetara pasatzen zerala.". "Ez dut horrela sentitzen,/ historiko mila izen/ kunetetan ta ipuin galdutan baitira gelditzen./ Ni ahalegintzen naiz fintzen/ eta haiek ahalegintzen,/ liburuetan jartzen duena zalantzan ipintzen.", jarraian Martinek, eta Mantzisidorrek arrapostu: "Gure histori aberatsa/ ta zure ipuinen saltsa./ Ume guztiak nahastu dituzu ta hori ez da martxa:/ Sabino santu zen antza/ ta Franco euskaldun latza./ Zuk libururik zabaldu dezun egiten det zalantza.". Bukaera borobila eman diote biek ofizioari: "Usoaren irriparra,/ arranoen atzaparra, irakurri dut igual zuk duzu pentsatu beharra, zer zen eta militarra, edo franko kabroitzarra, egi guztiak kontatzen ditut ez egi bakarra." eta “Euskal Herri bat munduan/ denok amestu genduan,/ bainan zuk ipuin bihurtzen dezu lehen segunduan./ Hara usoa nun duan/ ta arranoa inguruan,/ esan bezela txori gehiegi dauzkazu buruan.", erantzuna.

Iturriotz eta Gaztelumendi, berriz, aita-alaben rolean jarri dituzte, bigarrena zahartuz doala eta hemendik aurrera dutxatzen lagunduko diola esan dio lehenak. Elkarrizketa bikaina osatu dute biek ala biek. Gaztelumendik ekin dio: "Nere denbora ta adin,/ denak pasa dira arin./ Zure barruan horrek nonbait du kezka bat eragin./ Baina lasai bizi nadin,/ jarraitu nahi nuke berdin./ Naizena baino zaharragoa enazazu egin.". Iturriotzek ondotik: "Hartu nahi zaitut nere gain,/ zuk zaindutakoen ordain./ Aldaka ere hautsi zenuen behin eginda labain./ Lehen dutxatzen zinen bikain,/ nik egingo dizut orain./ Hilabeteak neramatzan hau zuk eskatzeko zain.". Gaztelumendik jarraian: "Ibilera det baldarra/ ta naiz sukaldari txarra./ Ez da errexa maiz onartzea daukagun beharra./ Zure hitz erdien zeharra,/ ni naiz harroa ta arra/ ta komuna da gelditzen zaidan eremu bakarra.". Eta erantzuna: "Gu familikoak gara,/ maitasuna ta zirrara./ Ta mesfidantzaz datorkit orain zure begirada./ Sortzen baitizu ikara,/ gogorra da beharbada,/ zahartzaroaren zati zailena zaintzen uztea da.". Amaitzeko, "Zakartu zait aldartea,/ gure arteko tartea,/ zer da espazio bat uztea ta zer da ematea?/ Nere alaba maitea,/ zer nahi dezu esatea?/ Zaintzea baino zailago da bai zaindua izatea." bota du añorgarrak, eta "Lehen zeneukan urrunean,/ zaintzen ninduzun umean,/ baina urteek jarri zaituzte zu erdigunean./ Zuk segi modu xumean,/ ia herrenka komunean,/ baina mesedez eskatuidazu behar duzuean." bikain borobildu Iturriotzek. Saio ederra osatu du urretxuarrak, eta bat baino gehiago harritu da puntu gehiago bildu ez izanaz.

Puntukako ariketan saio borobilik izan ez bada ere, Gaztelumendi eta Mantzisidorrek osatutakoa izan da umoretsuena. Bi lapurren rolean kantatu dute, etxe batera sartu eta bertatik ezin irtenda geratu direnak. Neurri batean, Gaztelumendik ireki du ofizioa, lapurreta Ajuria-Enean kokatuz. Ateraldi ederrak egon dira; adibidez: "Lapurreta amaitu da bahiketa baten", "Lehendakari sartuko gara azkenean/ ba hemen politikorik ez dabil lanean", Urkulluren logelan "pare bat sobre daude almohada ertzean", "etxean utzita du karpeta/ bestela ere lanik ez du egin eta/ Euskadi salbatzeko hau da errezeta", angulak aipatuz bidean, "bihar Francon etxea lapurtu dezagun" kantatuz amaitzeko.

Azken ariketa puntuagarrian, honela zioen kartzelako gaiak: "Korrika zoaz, ezin duzu denborarik galdu". Ederrak joan dira bertsoaldi guztiak.

Iturriotzek bikain islatu du polizia atzetik duen migratzailearen kontakizuna "korrika noa oraintxe oinpean nere bizia,/ azpian daukat hondarra ta atzean polizia.", "tiroz bota nazakete ta isildu nere hitza,/ Afrikako lur hauetan merkea dago bizitza." eta "erori naiz ta irmo egin du tiro/ eta nere amak ez du hil egin naizela jakingo." kantatu ditu.

Labakak aparteko hiru bertso bota ditu, parrandatik bueltan etxera doan emakumearen rolean: "Parrandara atera naiz dantza lagunak hamaika./ Nola ez haiek goraipa eta nola ez gaur maita?/ Etxean ez dut inor zain ta bakarrik noa nahita,/ baina sentitzen dedana ezin da hain errez aipa./ Nere barruko beldurrak nola hitz hauetan sailka? Emakumeon patua sarritan horixe baita:/ askotan sentitzen dugu norbait atzetik jarraika." bota du lehenengoan. "Ahalduntzeaz hitz egitean ez daukat aho bizarrik,/ ez dut bizkartzainik behar, zainduko nauen senarrik./ Gorputza defenditzeko ez daukat faltan indarrik,/ baina, ai, gaurko honetan nahiz ez egin ezer txarrik./ Sekula enuen eman nik horren pauso azkarrik/ eta ez nuen sentitu ez horrelako dardarrik./ Gaur atzetik daukadana ez da itzal bakarrik." bigarrenean. Amaitzeko: "Justu iritsi denean gau polit baten klimaxa,/ etxera joan nahi nuen ta beti ez da erraza./ Bi gizon etorri zaizkit, atzetik piropo jasa./ Ezin al zuten ondotik ezer esan gabe pasa?/ Neretzat beldurra bada haientzat dena jolasa, korrika pasatu ditut kale kantoi bat, bi plaza,/ etxeko atea itxi ta lasai hartu det arnasa.".

Mantzisdorrek haurra ahaztu du parkean, eta kontakizun ederra osatu du, entzuleen gozagarri. Hala bota du bigarrenean, haurra ahaztu zaiola jabetu denean: "Gero korrika berriz parkera, ezagun guztiei paso./ Han egongo da akaso?/ Ta han zegoen kulunpioan, hartu det eta bi patxo/ ta xume-xume non esan didan: nora joan zera, aitatxo?".

Azpirozek Behobiako parte-hartzailearen rola aukeratu du, baita bikain josi ere. Identifikatzen erraza eta ezaugarriak batzeko aproposa, sinesgarria eta gozagarria izan da osatu duen bertsoaldia, hain berezkoa duen umore puntuarekin gainera. Bertsoen amaieran baino gehiago, tarteko kontakizunetan sartu du mamia. Finalaren atarian dago zubietarra, ea sartzen uzten dioten.

Gaztelumendik, nola ez, bakarkako itzela osatu du. Iturriotzen helduleku antzekotik, migratzaile baten kontakizuna, non Irunera heltzen den, Guardia Zibilagandik ihesi. Lehena: "Lo nengoela nabaritu det linterna baten islada/ ta bapatean gure atzeatik Guardia Zibilen ilara./ Biak batera nahastu zaizkit, ausardia ta ikara./ Eta lasterka abiatu naiz inguruko menditara./ Hamar migrante goaz taldean korrika hona ta hara,/ burua argi baina bihotzak barruan zenbat taupada./ Harrapatu ta botako naute berriro Nigeriara/ ta gelditzeko modu bakarra geldi ez egotea da.". Bigarrena: "Nik desertua igaro nuen ta hasi nintzen argaltzen./ Itsasarteko olatuetan apaltzen eta apaltzen./ Europa amets handi bezela, hala zitzaidan azaltzen./ Orain zalantzan nago ordea hura hobea ez al zen./ Paperik eta lan merkaturik neretzat ez da zabaltzen,/ noan lekura noala ere agudo naute zapaltzen./ Denbora galtzen ari naizela nahiz sarri didaten saltzen,/ nere atzetik dauzkadan hauek sekula ez dute galtzen.". Azkenik: "Ta igaro det hango baratza eta hemengo soroa,/ Irungo plazan bukatu arte nere ihesaldi zoroa./ Ikara degu ameslariak bezatzeko metodoa./ Gizon bat dator, jertsean dauka ONG baten logoa/ eta esan dit omen daukala ni babesteko gogoa./ Nere izena hor galdetu dit 'nongoa zera, nongoa?'./ Malko txiki bat irten zait eta hor bertan jo dut hondoa:/ bi kontinente igaro ditut baina enaiz inongoa.".

Azkenik, saioa borobiltzeko, Martinen txanda. Erditzera bakarrik doan emakume baten rola hautatu du. Oraingo honetan, kontatuak adina interes eragiten du kontatzen ez duenak, atzetik historia bat duela sumatzen baita eta, hain zuzen, horrek egiten du sinesgarri pertsonaia. Honela ekin dio: "Sabela hilabetetan izan ondoren hazita,/ azkenerako heldu da suzko froga, azken kinka./ Bakarrik nator nahiz horrek sortu duen polemika./ Nire heziketa nahi dut, nirera, nire etika./ Taxitik jetsi naiz eta hemen nabil intzirika/ eta unean-unean barne oihu bat antsika./ ta nire beldur guztiak dator atzetik korrika.". Bigarrenean: "Ez du erabat nirea edukiko ADNa,/ baina azken batean zer da, odola edo genea?/ Berdin zait zer ote arra edo ote den emea/, askok galdetu didate: alaba edo semea?/ Nik bere askatasunean jartzen dut begirunea./ Hankartetik beherantz doa bizitzaren perfumea./ Gaur sortuko da mundura nire lehenengo umea.". Amaitzeko: "Egia esan egon naiz hilabetetan trantzeko/, erdi hipokondriaka eta ume baten antzeko/ baina aurrera egin dut proiektu bat garatzeko/ ta klinikara heldu naiz eta sartu naiz atzeko/ atetik ta sentiarazi naute kolpean etxeko./ Ez neukan denbora sobran klinikara azaltzeko,/ orain denbora pila bat daukat aurretik galtzeko.".

Hurrengo saioa

Datorren igandean, Tolosako Usabal kiroldegian erabakiko da nortzuk igaroko diren Illunbeko finalera. Bertan arituko dira kantuan: Beñat Lizaso Alberdi, Haritz Mujika Lasa, Iban Urdangarin Lardizabal, Jokin Uranga Isuskiza, Jon Maia Soria eta Oihana Iguaran Barandiaran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.