Kostunbrismoaren iturburua

Antonio Maria Lekuona euskal kostunbrismoaren aitzindariari erakusketa antolatu diote Bilboko Arte Ederren Museoan.'Euskal ohiturak' piezaren inguruan ardaztu dute bilduma

Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendaria, Antonio Maria Lekuonaren koadro bat seinalatzen. ARITZ LOIOLA / ARP.
Inigo Astiz
Bilbo
2015eko apirilaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Mende bete baino gehiagoz ilunpetan egon eta euskal artearen jatorriari buruzko testuetan hiruzpalau lerrorekin aurkeztu duten pertsonaia garrantzitsu bati justizia egin nahi dio erakusketa honek». Erreskate ariketa modura aurkeztu du Antonio Maria Lekuona artistari eskainitako erakusketa Javier Viar Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak. Izan ere, euskal kostunbrismoaren aitzindaria izan zen Lekuona. Ildo hori landu zuen bere lanetan, baina agerikoa izan zen haren eragina ikasle izan zituen Anselmo Guinea, Adolfo Guiard, Manuel Losada, Gustavo Maeztu eta beste hainbat margolarirengan. «Zaila da bera gabe zer euskal arte izango genukeen imajinatzea, baina garai aproposean agertu, eta sekulako garrantzia izan zuen haren garapenean». Harenak dira gerora bestek margotu zituzten euskal nekazari, arrantzale eta erromeria koadroetako lehen zertzeladak. Hamalau margolan bildu dituzte erreskaterako, eta ekainaren 8ra arte egongo da zabalik.

«Mundu tradizionalari kantatzen diote Lekuonaren koadroek». Baina ez da metafora hutsa Viarrena: kantatzen dirudite benetan Lekuonaren koadroek. Izan ere, musikaz beteta daude haietariko asko. Ageri dira biolin jotzaileak, gaita jotzaileak, txistulariak... Festan girotuta daude erakusketako lan asko, baina badira eguneroko bizitzari eskainitakoak ere. Abereekin erabiltzen duen guraizeak eskuetan dituela ageri da gizon bat, adibidez, Ijito moztaileak lanean, eta Ondarroan etxe atarian irudikatzen du eskalea beste pieza batek. Eta detailez beteta daude, gainera, lan guztiak. Atarian marmarka ari zaio txakurra eskaleari, eta nabarmena da mesfidantza burua ile moztailearen guraize artean duen gizonaren aurpegian.

Kostunbrismoari egindako ekarpenagatik da batez ere ezaguna Lekuona, eta lan horiek dira nagusi erakusketako bigarren aretoan. Beste bi gune ere prestatu ditu, ordea, Mikel Lertxundi komisarioak. Margolaria ageri duten koadroak daude lehenengoan; eta paisaiak, erretratuak, eta eliza barrualdeei eskainitako lanak hirugarrenean. Azken areto horretan dago Jose Maria Iparragirreri eskainitako koadroa, eta baita Bilboko Begoñako Basilika monumentala ageri duena ere. Beste pieza bat ere nabarmendu du komisarioak, halere; Entratika Las Huelgasen izenekoa, hain zuzen. Besarkada bat, irudiaren erdi-erdian. Erabat zuriz jantzita,neska gazte bat, eta goitik behera beltzez doan emakume bat, haren besoetan. Lekuonaren alaba eta Lekuonaren emaztea. Irekita daude bien atzean dagoen komentuko ateak, eta kandelak eskuetan dituztela zain bertan mojak. Izan ere, alaba moja egin zeneko unea da margolariak lan horretan irudikatzen duena, eta hor dator komisarioaren azalpena: «Pintura historikoen kategoriara eramaten ditu bere familiako gertakariak».

Paradisua eta sugea

Paradisu moduko bat da, halere, erakusketaren erdigunea. 1860ean margotutako Euskal ohiturak da bildumako zentroa; Lekuonaren maisulan nagusia. Erromeria eszena bat ageri du koadroak, bere dantzari, bere ehiztari, bere kanpandorre eta bere baserritarrekin, baina ezin zehaztu Euskal Herriko zer txoko den. Ez da akatsa, ordea. Hori zen margolariaren asmoa, komisarioak azaldu duenez: «Ez da leku zehatz bat, leku ideal bat baizik. Euskal gaien sistema eredugarri bat». Gabriel Guzman izeneko bildumagileak izan du etxean orain arte koadroa, baina dohaintzan eman dio orain museoari, eta haren inguruan ardaztu dute erakusketa.

Aztertua du koadroa Lertxundik, eta, azaldu duenez, Antonio Truebaren poema batean topatu du margolanaren jatorria. Hor, Lekuonaren paradisuaren iturburua, beraz. «Poeman aipatzen diren elementu berak dira margolanean ageri direnak, eta, gainera, helburu moral bera dute biek. Erromerietan neskatxen ohorea arriskuan zegoela zioen poemak, eta horren arrastoak ikus daitezke koadroan ere». Hau da: sugea ere margotzeko irudikatu zuela paradisua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.