Maria Mur Dean. Consonniko zuzendaria

«Krisi etengabea da gurea, ez baitugu saltzen zerbitzurik»

Virginia Woolfen 'A Room of One's Own' euskaratu dute, eta 200 lagunek irakurriko dute jendaurrean, gaur, hainbat hizkuntzatan.

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2012ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Consonni arte ekoizpenerako enpresa 1996an sortu zuten, Bilbon. Ordutik, artista andanaren proiektuak ekoitzi ditu. Hamaseigarren urtemuga ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu ditu Maria Mur Deanek (Iruñea, 1977) zuzentzen duen taldeak. San Frantzisko auzoan iaz ireki zuten bulegoan erantzun die galderei Murrek. «Urtebete da gela propioa dugula».

Ideia horretatik tiraka otu zitzaizuen Virginia Woolfen A Room of One's Ownaskoren artean irakurtzea, ezta?

Erreferentzia ezinbestekoa da guretzat. Iruditzen zitzaigun metafora polita zela liburua irakurtzea Consonniren ibilbidean lagun izan ditugun hainbat konplizerekin. Hirurehun bat lagun gonbidatu ditugu, eta berrehun inguru etorriko dira azkenean. 13:00etatik 19:00etara izango da. Hainbat hizkuntzatan irakurtzea pentsatu genuen, hainbat herritako jendearekin lan egin dugulako hamasei urtean. Ingelesez, esperantoz, turkieraz, frantsesez, alemanez eta katalanez emango dugu; baita euskaraz ere. Baina itzulpenak bilatzen ari ginela, konturatu ginen euskarazkorik ez zegoela, eta erabaki genuen guk geuk egitea.

Euskarazkoa ez da itzulpen hutsa izango. Gela bat norberarenaliburuak, besteak beste, Kajsa Dahlberg artistaren esku hartze bat izango du.

Edizio berezi bat egingo dugu. Maria Colera Intxaustik itzuli du Woolfen lana, eta bi hitzaurre izango ditu: Adelina Moyarena bata eta Remedios Zafrarena bestea. Kajsa Dahlbergena oso berezia da. Liburuan berrogei aldiz ageri den hitz bat azpimarratu du. Horrekin, irakurtzean abisuak ematen dizkio irakurleari. Atentzioa jartzen du mezu batean.

Finantzaketa kolektiboa abiatu duzue sarean. Nola doa diru bilketa?

5.000 euro bildu nahi ditugu, eta 1.300 bat lortu ditugu dagoeneko. Urte hasieran atera nahi dugu liburua, eta urtarrilaren 7a arte eman daiteke dirua.

Arlo pertsonala politikoa ere badela diozu. Consonnirentzat proiektuak antolatzeko moduan bertan hasten daborroka?

Maria Ruidorekin lan egin genuenean, askotan erabiltzen zuen Godarden ideia bat: «Gauzak ez dira eduki politikoarekin egin behar, politikoki baizik». Guretzat funtsezkoa da. Emakumeekin lan egiten dugu. Bulegoa ospakizunetarako atontzen ari gara, eta arotza emakumea da, bulegoa diseinatu zuen arkitektoa bezala.

Ibilian-ibilian, hamasei urte bete ditu Consonnik. Ez da marka txarra arte ekoizpen enpresa txiki batentzat, ezta?

Abenduan urtero pentsatzen dut «hau izan da azken urtea». Krisi etengabean gaude, sorreratik bertatik. Ez dugu zerbitzurik saltzen; oso proiektu bereziak egiten ditugu, inork nahi ez dituenak horietako asko. Artistekin lan egiten dugu, eta ez da erraza izaten lan horiek aurrera eramateko dirua lortzea. Consonni nire alaba da. Izugarri disfrutatzeko aukera ematen dit, harro sentiarazteko, baina gauza asko alde batera utzi behar izan ditut, aurrera ateratzeko. Adibidez, Bilbon geratu behar izan dut. Nire bizitza baldintzatu egin du, onerako eta txarrerako. Hala ere, amatasun feminista eta borrokalaria da nirea. Lankideekin batera partekatzen dut. Bost gara Consonnin.

Maider Zilbetik dio arte garaikidearen esparrua gehiegi instituzionalizatu dela azken urteetan eta agian interesgarriagoa dela Consonniren ereduari jarraitzea.

Hala ere, hurrengo sei hilabeteak bakarrik ziurta ditzakegu. Artistekin luzera begirako proiektuak landu arren, ekoizpen etxearentzat ezin dugu epe luzerako aurreikuspenik egin. Proiektuekin batera, gu ere onik aterako garela pentsatzen dugu, eta baliabideak amaitzen hasi baino lehen bilatzen ditugu iturriak. Zoramena da! Consonni egonkortzea nahi genuen, eta mundua desegonkortu da. Hemen, gutxienez, askatasuna dugu gustatzen zaiguna egiteko. Dena dela, ez dut askatasun hori mitifikatu nahi. Ez daukagu harreman zuzena instituzioekin, eta ez gaude bakar baten mende. Adibidez, Europatik jaso dugu dirua. Baina behar ditugu, bizirik iraun ahal izateko. Harreman bipolarra da gurea; eskizofrenikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.