«Krisi garaia da kultura gehien behar izaten den garaia»

BOB EDMEI.
Arrangoitze
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Urte ugari iragan dira kontzertuak ematen hasi zinenetik. 70eko hamarkadan. Euskal Herrian zein giro zen nagusi?

Biziki giro desberdina zegoen Hego Euskal Herri eta Ipar Euskal Herrian. Trantsizioa arte, bi mundu ziren. Han diktadura zen, eta hemen, dikadura ez, baina, behintzat, demokrazia sinboliko horren baitan bizi ginen. Hemen gauzak erraten ahal ziren, eta han ez. Maiz pasatu gara zentsuratik. 1975etik, Franco hilzorian zegoela, ikusten zen jada mugimendu bat sortzen ari zela, eta izugarrizko aldaketa izan zen 1976tik 1978ra arte. Izugarria izan zen. Dena aldatu zen, ez bakarrik pentsatzeko moduak, baina baita janzteko moduak ere. Ipar Euskal Herrian, berriz, ikastolen sortzeen garaia bizi zen batik bat. Azken finean, Errobi talde gisa giro horretan murgildu zen erabat. Hitz nahiko salatariak erabiltzen genituen, bizi zenaren ispilu. Ez Dok Amairu, Euskal Herri osorako talde eredugarria izan zena, izan zen gure inspirazio iturri. Garai hartan, erdi bereizirik zeuden, eta zortea izan genuen, ate bat zabalik baitzegoen. Jendearen erantzuna oso positiboa izan zen.

Hainbeste plazatatik igaro eta gero, gauza asko ikusi eta ikasiko zenituen.

Ni horretara kondenatua izan naiz azken finean.17 urterekin besterik gabe plazetan jotzen hasi nintzen El Fuegorekin. Nik uste Iparralde osoa zeharkatu izan dudala, herri gehienak behintzat, eta, gero, Akelarrerekin, Euskal Herri osoa iragan genuen, punta batetik bestera. Nik beti plazer hartu izan dut plazetan jotzen; ez da beti erraza izan, halere. Beti lehentasuna eman dut jendearekin harremanak zaintzeari, behintzat edukitzeari. Hori garrantzitsua izan da niretzat, eta segitzen du izaten. Egia da ere toki xelebre eta handietan jo izan dudala, baina ez dira beharbada oroitzapen onenak. Sentimenduen aldetik, kontzertu beroago eta goxoagoak izan ditut herrietan, eta horrela izaten segitzen du. Datorren igandean puntako antzoki batean kantatuko dugu. Ohore bat da, ze ez da asko gertatzen, batez ere garai honetan, euskal kantari bati protagonismoa ematea, horrelako antzoki batean batez ere. Maitasun berezi bat diot Viktoria Eugenia antzokiari. Oroitzapen asko ditut bertan; Francoren garaian egin izan ditugu kantaldiak hor... Gainera, toki txukun eta bildua da, soinu oso onarekin. Halere, ongi da behin edo beste horrelako tokietan ibiltzea, baina, oro har, nahiago izaten ditut beste leku batzuk.

Aldaketa handiak izan direla nabaritzen al duzu hasi zinenetik gaur egunera?

Nirekiko ez dut bereziki sentitu aldaketarik, baina oroitzen naiz plaza aipatzen genuenean gogoan genuela beti besta giroa. Arragoitzen, adibidez, astearte batez plaza jendez gainezka zegoen. Gaur egun, ez dago inor. Ohiturak aldatu dira, zeharo. Saiatu naiz egokitzen eta egoeraren arabera jokatzen. Arratsaldetan gehiago ematen kantaldiak adibidez. Beste goxotasun bat dago, belaunaldi guztiak etortzen baitira. Gauzak aldatu dira, eta aldatzen segituko dute.

Egun, jada, garai batean Euskal Herrian zeuden talde erreferente edo mitiko gutxi gelditzen dira. Etorkizuna nola ikusten duzu?

Guk izugarrizko zortea izan genuen 70eko hamarkadan hasi ginelako. Gaur egun hasi behar bagenu, uste dut ez genukeela aukera hori izanen. Egun, izugarrizko trabak daude musikari gazteentzat heldutasunera heltzeko, plazetan lekua izateko... Adibidez, diskoaren krisia dela eta, diskoetxeek ez dute kasu handirik egiten, eta hori negargarria da. Beti ematen den arrazoia ekonomikoa da. Eta kulturak ez luke arazo ekonomikorik izan behar. Alderantziz. Halere, esperantza badut hori aldatuko dela. Egia da kantari gisa azken urte hauetan oso jende gutxi atera dela ezaguna izatera. Baina pentsatzen dut talde berri eta hobeak sortuko direla ere. 1980tik egunera, Euskal Herriko musikan, kalitatearen aldetik, izugarrizko jauzia eman da. Kontua da krisi ekonomiko bat dagoenean kutura dela beti ondorio gehienak pairatzen dituena, dirurik gabe gelditzen dena. Gainera, krisi garaia da kultura gehien behar den garaia. Horrek salbatzen gaitu; beste eremuetara eramaten du jendea. Beste gauza batzuk pentsatzea ahalbidetzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.