Krisia baliatu, eta oinarria sendotu

Pandemiak gogor jo du kulturaren arloa oro har, eta, zehazki, musikarena. Egungo jokalekuak agerian utzi ditu, gainera, sektoreak aurretik zituen arazoak. Halere, zailtasunak aukera bilakatzeko gai izan dira musikariak, teknikariak, enpresak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak, eta bat egin dute Musikaren Nafarroako Elkartean.

Santas Pascuas jaialdiko kontzertu bat Nafarroa Arenan. MARIA JIMENEZ, NAFARROA ARENA
edurne elizondo
2021eko maiatzaren 24a
10:44
Entzun

Batera, lehendabiziko aldiz”: horixe nabarmendu dute Musikaren Nafarroako Elkartea sortu berri duten eragileek. Musikariek, teknikariek, eta sektoreko enpresek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek egin dute bat elkarte horretan, helburu nagusi batekin: pandemiak eragindako etenaldia gainditzea eta lanean segitzea, alegia.

Horretarako, koronabirusaren pandemiak ekarri duen jokalekura egokitzeko urratsak egitea hartu dute lehentasun, batetik; eta, bertzetik, krisiak aldaketarako ematen duen aukera baliatuta, pandemiak eztanda egin aurretik zeuden oztopoak gainditzeko beharra jarri dute erdigunean, “sektorea duintzeko eta duen balioa aitortzeko”. “Beharrak” bultzatuta sortu dute Musikaren Nafarroako Elkartea, neurri handi batean, bat egin duten eragileek aitortu dutenez. Baina bidea argitzeko gogoz dira, elkarlanerako prest, “indartzeko”.

Musikaren hainbat sektore batzen ditu elkarteak; hau da, elkarteen elkarte bat da, eta barruan dira, oraingoz, Nafarroako Musikarien Elkartea, Nafarroako Ikuskizunetako Teknikarien Elkartea, Musikaren Industriaren Nafarroako Elkartea eta Nafarroako Musika Alorreko Jarduera Elkartuak plataforma.

Esparru horietako bakoitzean ari direnek ikuspuntu propioa dute gaur egungo egoerari buruz, eta krisiak ezberdin eragin die, gainera, batzuei eta bertzeei; musikak denak batzen dituela nabarmendu dute, halere, eta lotzen dituen hori lehenetsi dute proposamen bateratu bat egin ahal izateko.

Lau dira, zehazki, hizpide izan dituzten auzi nagusiak, eta horien berri eman dute Nafarroako Parlamentuko Kultura Batzordean. Nafarroako Gobernuko eta Nafarroako Udalerri eta Kontzejuen Federazioko arduradunekin ere egin dituzte bilerak, eta zehaztutako proposamenak aurkeztu dizkiete.

Egokitu

“Gure helburu bakarra da lan egitea; egungo egoerara egokitzeko gai gara, eta hori egin nahi dugu, lanean jarraitu ahal izateko”, erran du Musikaren Nafarroako Elkarteko bozeramaile eta Nafarroako Musikarien Elkarteko kide Ibai Armendarizek.

Labur azaldu du zeintzuk diren zehaztu dituzten lau neurri nagusi horiek: “Bestarik ez bada ere, udalek gasta dezatela bestetarako eta kultur jarduerak antolatzeko duten aurrekontu osoa; bete ditzatela kontratazio arauak; udalen esku jar ditzatela jarduerak segurtasunez egiteko behar diren protokolo eta jarraibide guztiak; eta, azkenik, Europatik ailegatuko diren laguntzak jasotzerakoan, har gaitzatela kontuan, eraginkorrak izan daitezen”.

Nueva Era orkestran ari da Armendariz, bertzeak bertze; musika irakasle ere bada, eta horri esker lortu du azkeneko urtean eustea. “Kontzerturik gabe, halere, diru sarreren erdia baino gehiago galdu ditut”.

Antzekoa izan da Eduardo Pardo Nafarroako Ikuskizunetako Teknikarien Elkarteko kidearen egoera: “Urtean 125 kontzertu ingurutan aritzen nintzen pandemia hasi aurretik; 2020 hasieran, kontzertu pila nituen jada, baina martxotik aurrera denak gelditu ziren bertan behera, banaka”, azaldu du.

Armendarizek eta Pardok nabarmendu dute musikaren arloan ari diren profesionalen lan baldintzak duintzeko beharra. “Gurea ez da astelehenetik ostiralera bitarteko lan bat; ezaugarri bereziak ditu, eta horiek kontuan hartu behar dira”, erran du Pardok. Bat egin du Armendarizek: “Nik ez diot inoiz musikari izateari uzten, baina kontzertu bakoitzeko egin behar didate kontratu berri bat; egoera horrek atea irekitzen dio prekaritateari”.

Pandemiak ekarri du prekaritate horrek gora egitea, eta horregatik eskatu dute musikariek eta teknikariek profesionalen jarduera “erregulatzeko” modu bat. “Ez dugu lan hitzarmenik; laguntzak jasotzeko aukerarik ere ez, anitzetan. Hori konpondu beharra dago”, zehaztu du Pardok. Frantzian egindako urratsa jarri du adibide: “Profesionalek gehiago ordaintzen dute lan gehien dutenean, eta gutxieneko soldata bat bermatzen zaie, ondorioz, lanik ez dutenerako”.

Udako martxa maiatzarekin batera hasten da musikarientzat eta haiekin lan egiten duten gainerako profesionalentzat. “Iazkoa baino hobea” izatea espero du Pardok. Ana Zamarbidek ere bai; Musikaren Industriaren Nafarroako Elkarteko kidea da.

Diru laguntzak

Herrialdeko hamalau enpresak egin dute bat elkarte horretan. “2020a hagitz gogorra izan da; antsietate handikoa. Genituen kontzertuak bertan behera utzi behar izateak anitzez ere lan gehiago ekarri zigun”, azaldu du Zamarbidek. Espainiako Gobernuak iazko martxoan alarma egoera ezarri zuenean, itxita zeuden ekinaldiak atzeratzea izan zen anitzek egin zuten lehen urratsa. “Uda pasatuta, egoerak okerrera egin zuen; pandemiaren bigarren olatuak gogor jo gintuen, eta dena gelditu egin zitzaigun bertan behera”, oroitu du Zamarbidek.

Eragile pribatuak dira Nafarroako Musikaren Industriaren Elkartean bat egin dutenak; diru laguntzak jasotzeko bideetatik kanpo uzten ditu horrek, Zamarbidek azaldu duenez. “Berezia da gure jarduera, hilabete luzez aritzen garelako kobratu gabe lanean, kontzertu bat egin arte”.

Aretoen edukiera mugatu izanak “anitz” baldintzatu du eragileon lana, Zamarbidek erantsi duenez. “%70-80ko edukiera behar izaten dugu irabaziak izateko”. Diru laguntzak jasotzeko aukerarik gabe, euren industria “sustatzeko” neurriak eskatu ditu Musikaren Industriaren Nafarroako Elkarteko kideak.

Arlo pribatutik kanpo ere, badira arazoak diru laguntzekin. Horixe nabarmendu du Nafarroako Musika Alorreko Jarduera Elkartuak plataformako kide Iñigo Laboreriak. “Laguntzak banatzeko egungo moduak behartzen gaitu maileguak eskatzera, hagitz berandu jasotzen ditugulako”. Plataforman bat egin dute zenbait musika jaialdi eta musika erakundek. “Jasotzen duguna itzultzen dugu, bertzeak bertze, administrazioak betetzen ez duen esparru bat betetzen dugulako”.

Lanean segitu nahi dute musikaren sektoreko eragile guztiek; egoerara egokitu, eta kulturaren alde lanean segitu. Oinarria sendotuta eta egunerokoa duinduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.