Krisiak baldintzaturiko azoka

Durangoko 45. Euskal Liburu eta Disko Azokak egitarau apalagoa izango du, aurrekontua %30 gutxitu baita

Irune Berro Urrizelki.
Durango
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Krisi ekonomikoari gaina hartzea lortu zuen iaz Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokak, baina aurten bete-betean harrapatu du. Aurrekontua %30 gutxitu dute, eta horrek eragin nabarmena izan du egitarauan eta azokaren antolaketa fisikoan.

Haur eta Gazte Literatura aretoa Elkartegian jarriko dute, eta ekitaldiak egiteko areto bat atonduko dute azoka barruan. Ondorioz, zazpi erakusmahai gutxiago izango dira. «Elkarte batzuek ez dute ondo hartu tokiz aldatzea, baina beste aukerarik ez dugu izan», azaldu du Jon Irazabalek, Gerediaga elkarteko kide eta azokako zuzendariak.

Erotismoa izango du gai nagusi, eta Mikel Markezen abesti bat gogora ekarriz lotu zituen aurtengo azokaren ardatzetako bi, erotismoa eta krisia, Irazabalek. «'Ez zara nire ametsetako printzesa, baina ez zaude gaizki', dio abestiak; bada, ez da gure ametsetako azoka, baina dauzkagun bitartekoekin ez dago gaizki».

Zazpi salmahai gutxiago izanagatik, ez dute inongo eragilerikutziko azokatik kanpo. Denek izango dute tokia, mahai propioan ez bada, beste batenean. Izan ere, krisiari aurre egiteko eta gastuak gutxitzeko, eragile batzuek mahaia partekatzea erabaki dutela azaldu du Irazabalek. 138 eragile eta 285 mahai izango dira, orotara.

Bost egunez egingo dute azoka, abenduaren 4tik 8ra, baina ekitaldi gutxiago izango dira aurten. Gai nagusia erotismoa izanagatik, bi saio baino ez dituzte antolatu horren inguruan: mahai-inguru bat eta jostailu erotikoen erakustaldi bat.

Sorkuntzak lortu du, nola edo hala, krisiaren hatzaparrei ihes egitea. Denera, 505 nobedade izango dira azokan: 339 liburu, 85 disko, 30 aldizkari, 20 DVD, 9 CD-ROM eta bestelako 22produktu.

Herrialde gonbidatua Kurdistan izango da, eta hango kulturaren, hizkuntzaren eta kazetaritzaren egoeraren berri emango dute handik iritsitako Ronayi Onen kurduera irakasleak eta Eser Uyansiz kazetariak. Turkiaren mendeko Kurdistanen, kurduera hutsez argitaratzen den kazeta bakarreko zuzendaria da Uyansiz, alegia, Azadiya Welat deritzon egunkarikoa. Jazarpen latza nozitzen dute hedabide hartako kazetariek; Uyansizen aurreko bi zuzendariak espetxean daude, argitaratutako artikuluetan PKK talde armatuaren alde egin izana egotzita.

Euskal Idazleen Elkarteakidazle kurduen lanen errezitaldia egiteko asmoa ere badu, eta Hegats aldizkariaren hurrengo zenbakiak Kurdistango literatura izango du ardatz nagusi.

Argizaiola, Imanol Urbietari

«Umeen euskarazko kantutegiari eginiko ekarpenagatik» emango dio Gerediaga elkarteak Argizaiola saria Imanol Urbieta Beristaini (Zarautz, Gipuzkoa, 1934). Omenaldiak bi parte izango ditu, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez. Gauean argi ekitaldia egingo dute azokaren lehen egunean, ohitura denez. Baina, horretaz gain, blog bat abiaraziko dute Interneten, imanolurbieta.blogspot.com, eta Urbietarekin bizitako esperientziak kontatzeko deia egingo diote jendeari. Hartara, omenaldi ahal denik eta zabalena egingo diote musikariari.

Ahotsenea guneko egitaraua ere inoizko zabalena izango da. Lau egunez irekiko dute, hiru egunez barik. Hala, abenduaren 5etik 8ra, ia 80 ekitaldi izango dira. 200 bat sortzailek parte hartuko dute, Gotzon Barandiaran arduradunak azaldu duenez. Literaturari buruzko solasaldiak Edorta Jimenezek eta Miren Ibarluzeak gidatuko dituzte; musikari buruzkoak, berriz, Julen Azpitartek. Kontzertuak eta errezitaldiak ere izango dira. Plateruenan eta azokan pantaila bi izango dira, eta etengabean emango dituzte, zuzenean, Ahotseneako irudiak.

Sortzaileek eurek antolatzen dute Ahotsenea, eta azpiegitura finantzatzeko bakarrik, 50.000 euro behar dituzte. Diru hori ez dago jasota azokaren aurrekontuarenbarruan. Sortzaileek beren kabuz bilatu behar dituzte finantzabideak. Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzekin moldatu dira orain artean. Deialdiaren ebazpenaren zain daude, aurten laguntzarik jasoko duten jakiteko.



Egitaraua

ABENDUAK 4

Inaugurazio ekitaldia. Joxemari Carrere ipuin kontalariarekin, Elkartegian, 12:00etan.

Gauean argi. Imanol Urbietari Argizaiola saria emateko ekitaldia, San Agustin kulturgunean, 20:30ean.

ABENDUAK 5

Euskara eta kurduera. Estatu gabeko bi hizkuntza mahai-ingurua izango da Landakon, 13:00etan. Parte-hartzaileak: Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputatua, Edurne Brouard AEK-ko kidea eta Ronayi Onen kurduera irakaslea. Urtzi Urrutikoetxeak gidatuko du saioa.

Kurdistango kantuak. Zinar eta Siwar Alak beren herriko kantuak eta dantzak irakatsiko dizkiete umeei Haur eta Gazte Literatura aretoan, 16:30ean.

'Nik ere badut hitza'. Eser Uyansiz eta Martin Garitanok adierazpen askatasunari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dute Landakon, 18:30ean. Martxelo Otamendik gidatuko du.

ABENDUAK 6

Jostailu erotikoak. Manex Rekaldek jostailu erotikoen jatorri, ezaugarri eta erabilerak azalduko ditu Landakon, 19:00etan.

ABENDUAK 7

Erotismoa sorkuntzan. Mahai-ingurua izango da Landakon, 18:30ean. Parte-hartzaileak: Iban del Campo zinemagilea, Kattalin Miner queer mugimenduko kidea, Ines Osinaga Goseko musikaria, eta Edorta Jimenez eta Jon Arano idazleak. Paddy Rekalde izango da moderatzailea.

ABENDUAK 8

Balantzea. Azokak eman duenaren inguruko balorazioa egingo du Gerediaga elkarteak, Landakon, 12:00etan.

Ibiltari b(i)eroak. Azoka zarratzeko ekitaldia, 20:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.