'Kristalezko begi bat' sarituko du 111 Akademiak

Miren Agur Meaberen nobelarekin batera, Aingeru Epaltzaren 'Gure Jerusalem galdua' izan da beste finalista

Miren Agur Meabe sarituko du 111 Akademiak. JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2014ko apirilaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Miren Agur Meaberen (Lekeitio, Bizkaia, 1962) Kristalezko begi bat (Susa) eleberriak jasoko du 2013ko 111 Akademiaren saria. Irakurle Elkarteko kideek hautatu eta izendatzen dute sari hori, eta Meaberen eleberria Aingeru Epaltzaren Gure Jerusalem galdua liburuarekin aritu da lehian. Aurreko ostiralera arte izan dute bozkatzeko aukera akademiako kideek, eta Meabe aukeratu dute. Sari banaketa maiatzaren 8an izango da, Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, 19:30ean.

Urtarrilean hasi zuten 193 akademiakideek hautaketa. Lehenengo txandan saria irabazteko adinako boto kopururik egon ez zenez —botoen %30 behar dute saritzeko—, bigarren eta hirugarren txandak egin dituzte.

Meaberen eta Epaltzaren lanekin batera, Jon Arretxeren 612 euro, Mikel Tabernaren Alkasoroko Benta eta Xabier Montoiaren Azken afaria sailkatu ziren bigarren txandarako. Orduan egindako hautaketatik atera ziren bi finalistak. Hirugarren txandan hautatu dute irabazlea.

Fikziozko autorretratua

Errealitatea eta fikzioa josten ditu Meabek Kristalezko begi bat nobelan: «Pintoreak autoerretratua margotzen duen gisan idatzi du Miren Agur Meabek nobela, kristalezko ispilu berezi bati arretaz begira», azaldu du 111 akademiak ohar baten bidez azaldu duenez. Idazleak ere aitortu zuen bere antzeko pertsonaia bat sortu zuela nobelarekin: «Pertsonaia neu naiz, baina ez beti, eta ez denean, nire antza dauka —kristalezko begiak benetakoarena duen bezala…—, nire estiloan jokatzen du...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.