Musika
Wayne Shorter Quartet / Herbie Hancock
Jaialdia: Gasteizko Jazzaldia. Lekua. Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: uztailaren 15a.
Xabier Pascual
Kaosaz irakurri dudan gauzarik harrigarriena zera da: baldintza jakin batzuetan, errepikatzeko joera erakusten du. Hots, orden ezak (kaosak) parametro batzuei jarraitzen omen die (barka nazatela fisikariek azalpen libre horrengatik). Bada, antzeko zerbait sentitu nuen asteartean Wayne Shorter Quartet entzutean. Kontzertuak free jazz estiloko ezaugarriak izan zituen: lau musikariak askeak dira nahi dutena nahi dutenean jotzeko. Estilo erradikal horretan arau guztiak, hala nola harmoniarena, erritmoarena edo tonalitatearena, apurtzen dira. Ez dago ez melodiarik, ez estandarrik, ez txandaka eginiko ekarpenik. Inprobisatze hutsa da, muturrera eramana, aurrez ezer prestatu gabe eta kaosaren antzeko atmosfera sortzen duena. Jakina, horrelako musika ez da batere erraza entzuteko eta arbuioa eragin dezake entzuleengan. Baina kaosak fisikan nola, laukotearen jardunak ere bazeukan bere ordena, azken minutuetan hobeto hauteman zena. Oso deigarria iruditu zitzaidan 75 urteko pertsona bat bide berriak jorratzeko ahalegin neketsuan ikustea. Bejondeiola! Bertaratu zirenek ere eskertu zioten.
Herbie Hancockek hitz gozoak eskaini zizkion lankide zaharrari bere kontzertuaren hasieran. Saiatu zen gaztelaniaz hitz egiten, arrakasta gutxirekin. Irabazi berri dituen Grammy sariak direla eta, azken diskoko piezak entzungo genituela uste nuen, baina oso ikuspegi murritza izango zen hori jazz munduko izar hau ezagutzeko. Soinua egokitzeko baliagarria izan zen piezaren ondoren, River abestia egin zuten, alegia, saritua izan den diskoari izena ematen diona. Possibilities lanari ere kendu zizkioten bi puska. Horietako bat A song for you balada zoragarria, Amy Keysen ahotsean.
Bi ordu baino gehiago iraun zuen kontzertu bikaina eskaini zuen, une batzuetan intentsitatea gehiegi jaitsi bazen ere eta Mendizorrotzako soinuarekin arazo bat baino gehiago izan zuten arren. Hancock beraren lan ikaragarriaz gain, Dave Hollandena azpimarratu nahi dut. Gizon hau ia oharkabean pasatzen da agertokitik (serioa da eta ez du aparteko protagonismorik eskatzen), baina bere kontrabaxuaren notak oso zehatzak eta egokiak dira beti. Chris Potter saxo jotzailearen parte hartzea ere gogoangarria izan zen.
Bere errepertorio zabaleko pieza batzuk eta Wayne Shorterren tema bat jo eta gero, sasi-agurra eskaini zigun. Ohikoa den bisean, eskuko teklatu bat hartu zuen eta gainontzeko musikariekin konplizitatean, elkarrizketa musikatuak sortzeari ekin zion, entzuleen gozamenerako.
KRITIKA. Herbie Hancokcen gauak luze iraungo du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu