SAIL OFIZIALA
Zuzendaria: Daniel Hendler.
Aktoreak: Marilu Marini, Daniel Hendler, Humberto Tortonese, Carla Peterson, Julieta Zylberberg. Herrialdea: Argentina. Iraupena: 108 minutu.
Zinema bipolarra
Badauka argentinar zinemak zerbait magnetikoa, eta oso-oso berea: elkarrizketetarako dohain agorrezina. Ezpataren distiraz irteten dira hitzak, eta ezpataren aho zorrotzaz sartzen zaizkizu garunean. Duda izpirik egin gabe hitz egiten dute, arrapaladan, espresatzeko gaitasun surrealista batez, euskaldunok (eta gure zinemak) falta dugun kontundentziaz. Hizkuntza erreal bat dute, edozer adierazteko, lanabes kutxa handi eta zabal batekin: ironia, sarkasmoa, mala-letxea, samurtasuna. Abanikoa ez zaie inoiz amaitzen. Beste kontu bat da tresna eder horiekin zer kontatu nahi duzun eta zer pertsonaia sortzen duzun trama hori hornitzeko, istorioari eusteko.
Daniel Hendlerren film honek baditu pertsonaia interesgarri batzuk: bizitzaren azken sasoiak datozkion Martha Hefner, emakume aberatsa, artista jendearen mezenas bilakatu dena. Haren bi alabak, amaren eskuzabaltasuna errotik moztu nahi dutenak, diruaren kutxa geroz eta meharragoa den susmoz eta sustoz bizi direnak. Eta partida mizkin haren arbitro gisakoa: amaren osasun mentala egokia den ebatzi behar duen peritu grisa, ezgauza, motela eta sanoa.
Kontrastez funtzionatu nahi du filmak, nola mutilak, bere asmo onenarekin, epai hotz bat eman nahi izango duen, epai hotzak ezinezkoak diren arimaren tolesturetan. Astindu egingo du egoerak mutila, denek trapu zahar bat bezala ibiliko dute batetik bestera, aholkuak emanez, errietak eginez, eta zer dakit nik. Andrea da mutilak aztertu behar duena, baina, noski, alderantziz gertatzen da amaieran, emaztea dela mutila (hain da ezgauza!) bere lekuan jartzera kondenatuta dagoena.
Filma ondo pentsatuta eta errodatuta dago, baina istorioak bere sakonean ezkutatzen duen magia, ez dakit zergatik, ez da azaleratzera ailegatzen. Falta du gaiztakeria, fintasuna, ñabardura, laban zorrotzago bat. Falta du sotiltasuna, eta gainera hasieratik sentitzen da zer jazoko den amaieran. Eta amaiera baldin badakigu, bidea aspergarriagoa izaten da beti, tarteka barre txikiak egin arren.