'Emmanuelle'
Deigarria eta arriskuz beterikoa da Audrey Diwan zinemagileak, L'événement filmaren ostean, Emmanuelle-n bertsio gaurkotu bati ekin izana. Gogoratu behar da aurreko lan bikain horrek abortuaren gaia jorratzen zuela, eta Veneziako Zinema Jaialdian filmik onenaren saria bereganatu zuela 2021ean. Bistan da beste bide batetik jo duela orain zinemagile frantsesak.
Joan dira jada 50 urte Just Jaeckin zuzendariak lehen Emmanuelle zinemara eraman zuenetik, eta Sylvia Kristel mitoaren garaiak aspaldi pasatu ziren. Lehen eszenan ageri da film originalarekiko keinu bakarra: protagonistak hegazkin baten komunetan sexu harremanak dituen eszena. Handik aurrera, ordea, emakume protagonistaren desirak ez du aurkitzen atearen atzean bilatzen duen hori; gizon misteriotsu baten atzetik dabil Emmanuelle, baina ihesean dabil gizona. Hong Kongeko luxuzko hotel batean garatzen da pelikularen parterik luzeena. Horrek detaileekin eta ñabardurekin jokatzeko aukera ematen dio Diwani. Naomi Watts aktoreak hoteleko arduradunaren rola jokatzen du, eta hotelaren bertuteak deskribatzen dituen eszena batean erakusten du —zalantzarik balego— zein aktore ona den. Bestalde, rol oso txikia du Stranger Things telesaileko Jamie Campbell Bower aktoreak, baina bere ahots sarkorrak badu bere puntua.

Noemie Merlant aktoreak egiten du Emmanuellerena. Begiradekin jokatzen du sarri. Hau da, beste norbaitekin edo beste zerbaitetan dabil, eta gizon desiratua bilatzen dute haren begiek: Will Sharpek (The White Lotus) interpretatzen duen gizon misteriotsua.
Baliteke istorioak faltan izatea helduleku sendoagoak zinta biribila izan dadin. Baliteke une batzuk artifizioz beteak izatea, hoztasuna ere transmititzea —nahiz eta tenperatura igotzen duten eszena erotikoak ere egon badauden—. Edonola ere, emakumeak sentitzen duen desiraren gaineko proposamen gisa badu bere balioa Emmanuelle gaurkotuak. Marea biziak izan diren aste honetarako, ur bero biziekin hasi da Donostiako Zinemaldia.