Donostiako 73. Zinemaldia

'Bad Apples'

Jonathan Etzlerren 'Bad Apples' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Jonathan Etzlerren 'Bad Apples' filma. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 19a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: Jonatan Etzler. Aktoreak: Saoirse Ronan, Jacob Anderson, Eddie Waller, Nia Brown. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 99 minutu.

Ustelduta denak daudenean

Maria institutu bateko irakaslea da. Etxe bat eta lan finkoa eduki arren, bere bizitza ez dago unerik onenean. Bere bikotekide eta lankidearekin bizi proiektu bat eraiki nahi zuen, baina gizonak beste emakume batengatik utziko du. Alderdi profesionalari dagokionez, Mariak 11 urteko haurren gela baten ardura du, eta betidanik irakasle izan nahi zuela jakin arren, gelako dinamika aztoratzen duen Danny haurrak jasangaitz egiten ditu bere egunak. Eskolako zuzendaritzak ultimatum bat eman dio, eta klasea kudeatu ezin duela ikusita, auzitan jartzen dute irakaskuntzarako egokia ote den, bai gurasoek, bai lankideek. Hortxe izenburuko sagar ustel multzoa.

Txarretik okerrera doan gertaera eta erabaki hurrenkera baten ondoren, Mariak bere sotoan giltzapetuko du Danny, eta bahiketarekin atzera egin ezinik, bere eguneroko bizitzarekin jarraituko du. Dannyren presentziarik gabe Mariaren klaseek primeran funtzionatzen dute, eta ikasleak aurrera doaz bakoitza bere gaitasun eta interesak garatuz. Era berean, Mariaren arreta guztiaren jabe, Danny ere hobetzen ari da, bere amorru krisiak baretzen ari dira, eta interesez jarraitzen ditu Mariaren irakaspenak.

Beldurrezko istorioa da Bad Apples. Beldurrezkoa filmean gertatzen diren jazoerengatik, baina baita Jonatan Etzler zuzendariak eta Jess O'Kane gidoilariak garamatzaten leku ilunengatik ere. Izan ere, pantailan azaltzen den hori gaizki, oso gaizki dagoela jakin arren, guztia onartezina dela pentsatu arren, protagonistarekin enpatizatzera garamatza zinemagileak, eta bere gaiztakerietan harrapatzen ez duten une bakoitza lotsa apur batekin ospatzen dugu.

Bad Apples komedia bat ere bada. Komedia beltza. Eszenen zentzugabekeriak eta absurdoak kontakizunaren iluntasuna arintzen dute, eta gure kontzientzia apur bat lasaitzen laguntzen dute: hau guztia esajerazio bat da, barre egin dezakegu.

Bad Apples, azken batean, satira bat da. Funtzionatzen ez duen hezkuntza sistema bat ezbaian jarri nahi duen satira bat. Hasiera batean identifikatzen dugun izenburuko sagar ustel bakar hori, ikasle txarra, oker dagoen sistema baten biktima dela aldarrikatu nahi duen kontakizuna da. Izenburua pluralean dagoela ikustean argi ulertuko dugu sagar ustelak gainontzekoak direla, eta itxuraz soilik entretenigarria dirudien filmak kritika bat ezkutatzen duela. Eta kritika hori egon badago, baina biziki gozagarri den umorez beteriko thrillerrak leku asko hartzen du, eta hausnarketarako geruza hori ezkutuan gelditzen da.    

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.