SAIL OFIZIALA
Kontatu nahi eta ezin
Dena, den-dena baita txarra film honetan. Drama judizial bezala hasten da, baina genero horren ezinbesteko osagaiak errespetatu gabe, generoak derrigor behar duen didaktikarik gabe. Ez dakigu zeintzuk diren subjektu protagonistak eta antagonistak. Ez ditugu haien arrazoiak ezagutzen. Medikuak dira gertakariak nola izan diren dakitenak, baina ez zaigu azaltzen zein den haien postura, eta susmoa daukat zuzendariak berak ere ez dakiela. Gertakariak arrapaladan datoz, eta drama juridikoa drama politiko bilakatzen da, magia efektu baten ondorioz.
«Konspirazio» bat omen dago errugabea den neska akusatzeko, baina ez zaigu esaten nork antolatu eta gauzatu duen trama hori. Derrepente, abokatuaren ondoan aktibista feminista mordoa dago, abortoaren aldekoak. Auzia nazio osora zabaldu da, baina segitzen dugu jakin gabe non dagoen auzi juridikoaren eta politikoaren arteko lotura erreala. Tramak behar dituen sekuentziak ez daude, eta daudenak soberan daude, ez dute deus aportatzen. Abokatuaren ikuspegitik dago filma eraikia, baina haren ahotik ez dugu alegato interesgarririk entzuten inolako unetan. Dialogoek ez daukate ez hankarik eta ez bururik. Abokatuak laguntzaile bat dauka ondoan film osoan, baina ez dakigu zertan laguntzen duen zehazki. Ondoan dago, baina egoteagatik bakarrik.
Trama atomizatuta dator, uger, zikin, ulergaitz. Eta ez da harritzekoa, aktore nagusia (Dolores Fonzi) baita filmaren zuzendaria, eta ikusle bezala sentitzen duzu horixe: filma desgobernu batean sartuta dagoela. Errealizazioa, aktinga, trama, dena da kaos handi bat. Begiak igurtzi behar ditut ikusten eta entzuten ari naizena egia ote den jakiteko. Ama, hasieran agertu dena, ez da berriz agertzen, eta sentitzen duzu agian beste hiru edo lau toma filmatu dituztela, baina aktorea hain dela eskasa, ezen zuzendariak ez sartzea erabaki baitu.
Honi zinema deitzea da jatetxe batean babarrunak eskatu eta gainetik botako balizkizute bezala. Zer moduzkoak daude? Galdetzen dizute, aurpegitik saltsa kentzen ari zaren bitartean. Filmaren ostean txalo zaparrada jaso du filmak. Ondorengo prentsa agerraldian ere, denak izan dira laudorioak eta txaloak. Ulertzen da: eskuinaren gorakadaren aurrean, humanitateak zinema konprometitua behar du, premia larria daukagu. Ados. Baina dena ezin da onartu, eta hau ez da onargarria.