Donostiako 73. Zinemaldia

'Bugonia'

'Bugonia' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
'Bugonia' filmeko fotograma bat. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 26a
08:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

PERLAK

Heldulekurik gabe

Emma Stone 04:30ean esnatzen da, inongo esfortzurik gabe. Bere goizeko errutinak barne hartzen ditu yoga saioa, led argidun maskara jartzea eta entrenatzaile pertsonal batekin boxeo saio bat egitea. Bulegora iristean, langileei argi uzten die arratsaldeko bost eta erdietan joan daitezkeela etxera, betiere lana bukatu badute eta beste egitekorik ez badute, eta aniztasunari buruzko bideo bat grabatzen du, aniztasuna hitza behin eta berriro errepikatuz. Jesse Plemonsek bere erleak zainduz hasten du eguna. Ondoren, entrenamendu saio bat izaten du, eta bere lehengusu Doni azaltzen dio zein garrantzitsua den prest egotea, gizadia akabatu nahi duten horien aurka defendatu ahal izateko. Ondoren, bizikleta hartu eta lanera joaten da, kartoizko paketeak biltzera. 

Jesse Plemonsek (Teddy filmean), haren lehengusu Donen laguntzaz, Emma Stone (Michelle) bahitu eta sotoan giltzapetuko du. Izan ere, Teddy ondo informatu da, ez berrietan, Interneten baizik, eta badaki Michelle Fuller, enpresa farmazeutiko handi baten zuzendaria izateaz gain, Andromeda galaxiako aliena ere badela. Haiek dira munduan gaizki doan guztiaren errudun, haiek ari dira erleak hiltzen, eta giza arraza amaitzeko plan bat daukate. Michelleri bere espazio ontzira joateko eskatu nahi dio, andromedarren enperadorearekin negoziatu eta gizadia salbatzeko. 

Nahastuta irten naiz Yorgos Lanthimos zinemagile greziarraren azken filmetik (ez da lehen aldia, aitortu beharra dut). Umore beltzez beteriko kontakizun biolento bat da, eta Emma Stone eta Jesse Plemonsen antzezpenak itzelak dira, baina badu hoztasun bat, istoriotik guztiz atera nauena. Denak dira gaiztoak, edo inozoak, edo inozoak eta gaiztoak, eta ez dago haiekiko enpatia zantzu bakar bat ere. Eta dena dago gaizki; gaizki zegoen lehen eta gaizki egongo da gero. Ez dago irtenbiderik. Eta barre egin behar dugu, komedia bat delako. Barre egiten dugu inozoak diren horietaz, eta barre egiten dugu gaiztoak diren horietaz.  Zinemagile greziarrak film entretenigarri bat egin du, esango nuke batez ere bi aktore protagonisten lanari esker, eta atzean dagoen kritika guztiz argi uzten du, baina zeri eutsi ez dakigula uzten gaitu ikusleak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.