zuzendari berriak
Zuzendaria: Tribeny Rai. Aktoreak: Gaumaya Gurung, Pashupati Rai, Shyama Shree Sherpa, Rahul Mukhia, Janaki Kadayat. Herrialdea: India - Ipar Korea. Iraupena: 114 minutu.
Bishnuk New Dehlin zuen lana utzi du, eta jaioterrira itzuli da, Himalaiako herritxo batera. Bertan daude amona, ama eta haurdun dagoen ahizpa. Herrian miresmenez hartu dute, hiritik datorren eta ingelesa menperatzen duen emakumea goraipatzekoa baita. Bishnuk ere badu jakitunagoa den horren nagusikeria puntu bat, eta amak duen gauzak egiteko era aldatzen saiatzen da. Inguruan ez dute gizonik, aita, aitona eta ahizparen senarra ez baitaude haiekin, eta Bishnu emakumeek inoren laguntza behar ez dutela frogatzen ahaleginduko da. Hainbat arazo ekarriko dizkio jarrera horrek, eta ama herrian haiei buruz esango dutenaz kezkatuko da.Â
Bere lana utzita, Bishnu aukera berrien bila hasiko da, eta familiaren lurretan turismorako etxe bat eraikitzea bururatuko zaio. Herriko dendan ezagutu duen arkitekto bati aholkua eskatuko dio, eta hasiera batean harreman profesionala zirudienak norabide pertsonalagoa hartuko du, Bishnuren eta gizonaren arteko ezkontzaz hitz egitera iristeraino. Beraz, espero denaren presioa azaleratuko da orduan.
Tribeny Rai zinemagile indiarra da Chhora jastai / Shape of Momo filmaren autorea. Kanpoan bizi ondoren etxera itzultzen den emakume gazte baten istorioa kontatzen du indiarraren filmak, horrek dakartzan talka guztiekin. Bishnuk errealitate berri bat ezagutu du hirian, etxean ikasitakoak zalantzan jartzen dituena, eta, herrira itzultzean ezingo da isilik gelditu. Horrela, emakumearen papera eta genero rolak etengabe jarriko ditu auzitan, ez beti erarik trebeenean, eta landa eremura hiriko aurrerapenak eramaten saiatuko da. Baina Bishnu aldatu bada ere, herriak eta bere familiak ez dute garapen bera izan, eta emakumearen jarrera ez da beti ondo ikusiko. Zinemagile indiarrak bi mundu ikuskera ezberdin horien talkak erretratatuko ditu, umorearen bidez tentsioak arinduz eta dena zuria edo beltza ez dela argi utziz. Eta horrela, epai edo manipulazio errazetan erori gabe, Tribeny Raik emakumeen hiru belaunaldiri emango die ahotsa.