Donostiako 73. Zinemaldia

'Hijo mayor'

'Hijo mayor' filmeko irudi bat. ZINEMALDIA
'Hijo mayor' filmeko irudi bat. ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 25a
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

horizontes latinos

Zuzendaria: Cecilia Kang. Aktoreak: Chang Sung Kim, Sang Bin Suh, Anita B Queen. Herrialdea: Argentina - Frantzia. Iraupena: 118 minutu.

Alde egiten dutenak, atzean utzitakoak eta etorriko direnak

Hiru zatitan banatutako istorioa da Hijo mayor-ek erakusten diguna. Lehenak Lila du protagonista, 18 urteko gazte argentinarra. Argentinarra dela esatean «baina nongoa zara benetan?» galderari erantzun behar izaten dio Lilak. Izan ere, gurasoak hegokorearrak ditu, eta Lila Argentinan jaio bazen ere, migratzaile hitza darama azalean. Lila aitarekin eta bere lagunekin ―korear komunitatekoak denak― joango da arrantzatzera, eta karta joko eta alkohol artean, haien kontakizunak entzungo ditu, ama faltan duen mozkorraren kanta barne. Bigarren istorioa Lilaren aitarena da: Antonio, Toni, migratzaile gaztearena. Toni Paraguain bizi den gazte korearra da, dirurik gabe eta erabaki txarren segida luze batekin bizirauten. Emaztea eta alaba jaioterrian utzi ditu, eta bizimodu hobeago baten bila dabil. Azken zatia dokumental eran kontatuta dago, eta filmaren zuzendaria, Cecilia Kang, eta bere gurasoak erakutsiko dizkigu. Argazki album zaharrak begiratuz, ikusi berri ditugun kontakizunak bere familiaren historiaren parte direla azalduko zaigu. 

Migrazio istorio bat dakarkigu zinemagile argentinarrak, migratzen duen pertsona, atzean uzten dituenak, eta haren ondoren datozenen ikuspegiak biltzen dituena. Kontatzeko era oso ezberdinak erabili ditu Kang-ek hiru istorioetan: lehena, Lilarena, familia drama intimo eran kontatuta dago, umore puntu txikiekin; bigarrena, Tonirena, gangsterren filmetatik gertuago dagoen melodrama litzateke, eta azkena, zuzendariarena, dokumentala da, gurasoei eginiko elkarrizketekin osatua. Hirurek dute forma independentean interesa, baina batetik besterako aldaketak ez dira garbiak, eta kosta egiten da haria jarraitzea. Pertsonalki Lilaren zatia iruditu zait aberatsena, edo aberatsena izateko elementuak zituena, garatzen hasi baino lehenago pasa baita hurrengora. Aitarena askotan ikusi dugun migrazio kontakizuna da, ez horregatik garrantzi gutxikoa, baina aurreko istorioa utzi izana orekatzeko mamia falta zaio. Azkena pertsonalena da, eta hunkigarriena izan liteke, baina iristerako ezaguna dugu jada kontakizuna, eta informazio berria eskaintzen badigu ere, arrotzegia egiten da dokumentalerako saltoa. Indar handia izan dezaketen erretratuak dira hirurak, baina batekin gelditu izanak lanketa sakonago baterako bidea irekiko zukeela iruditzen zait. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.