urtzi urkizu
Sail Ofiziala

Langilea bere bakardadean

2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

'ON FALLING'

Zuzendaria: Laura Carreira. Aktoreak: Joana Santos, Ines Vaz, Piotr Sikora. Herrialdea: Portugal-Erresuma Batua. Iraupena: 104 minutu.

Filma: 'On Falling'.
Joana Santos aktorea, 'On Falling' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA

Laura Carreira zuzendari portugaldarraren opera prima-ren atzean nor dabilen begiratuz gero, Sixteen Films ekoiztetxea ageri da. Hau da, Ken Loach zinemagile britainiarrak eta Rebecca O'Brien ekoizleak 2002an sortutako konpainia. Horrek ematen ditu pista batzuk proiektuaren inguruan. Ez da erabat Loachen estiloko film bat, baina gizarte gaiak lantzen dituen pelikula konprometitu bat da On Falling.

Sinpletasunera jotzen du Carreirak Portugalgo emakume baten istorioa kontatzeko. Eskoziako biltegi handi batean egiten du lan, picker gisa: modu horretan deitzen zaie paketeria enpresa handietan produktuak aurkitu eta banaketarako gurdira eramaten dituzten langileei. Lan berean ari den beste emakume baten inguruko telefilm oso on bat egin zuen BBCk duela bi urte: Life and Death in the Warehouse. Beldurgarria da telefilm hori, eta haurdun den emakume batek halako biltegi batean pairatu behar dituenak kontatzen ditu. On Falling-en ere jarri du dirua BBCk, baina bestelako osagai batzuk ditu aipatutako telefilmarekin alderatuta.

Carreiraren filmak emakume langile baten bakardadea islatzen du. Diruz eskas ibiltzeak dakarrena ondo jasotzen du, baita langileen arteko elkartasunak izan ditzakeen onurak ere. Gidoiak ez du bira korapilatsuen beharrik ikuslea harrapatzeko, eta bere planteamenduaren soiltasunean ondo egiten du aurrera. Zinemagile hasiberriak lortu du ikusleak protagonistarekin enpatizatu dezan, eta horrekin, helburuaren erdia baino gehiago egina dago. Joana Santos aktore protagonistak ere jartzen du beretik, noski.

Aktualitate bete-beteko gai bat plazaratzen du pelikulak. Batetik, protagonista alokairuan bizi da langile gehiagorekin batera. Bestetik, banaketa enpresa handietako langileak nola tratatzen diren ondo irudikatzen da; esate baterako, langileak ezin du jaiegun bat hartu, baldin eta ez badu aplikazio informatikoan denbora askorekin iragarri. Eta, bestetik, langileak txokolatinekin saritzen dituzte erritmo oso bizkorrean badabiltza. Azkenerako, txokolatea da protagonistak duen ia salbamendu bakarra. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.