PERLAK
Zuzendaria: Hasan Hadi. Aktoreak: Baneen Ahmed Nayyef, Sajad Mohamad Qasem. Herrialdea: Irak. Iraupena: 105 minutu.
Pastelaren bila
Iraken gaude, 90eko hamarkadan. Lamia izeneko 9 urteko neskatoa amonarekin bizi da ibaiak inguratutako etxola batean. Hindi, bere oilarra, du beti alboan, eta Saeed laguna gertu bizi da. Egunero txalupa hartzen du eskolara joateko, eta bueltakoan amonari laguntzen dio etxeko zereginetan. Zaila egiten zaie aurrera egitea, eta ezagun batek oparitutako sagarra eguneko janari bakarra izan daiteke haientzat.
Sadam Hussein lehendakariaren urtebetetzea gerturatzen ari dela eta, eskolan ospakizunaren arlo ezberdinez arduratuko diren ikasleak hautatzen ari dira, zozketa bidez. Amonak esana dio zerbait egin dezala zozketaren parte ez izateko, baina erabiltzen dituen trikimailu guztiak alferrikakoak dira, eta zozketan parte hartzeaz gain, lehendakariaren pastela egiteko ardura egokitzen zaio. Lamiak, ordea, ez ditu tarta bat egiteko beharrezkoak diren osagaiak, eta, beraz, hirira joan beharko du azukre, arrautza, irin eta legami bila.
Hasan Hadi zinemagile irakiarraren lehen film luzea da Mamlaket al-Qasab, eta opera prima onenaren Urrezko Kamera eskuratu zuen Cannesko Zinemagileen Hamabostaldian.
Hadik abentura eran eraiki du Lamiaren istorioa; altxorraren bila jolasten ariko balitz bezala, oztopoak gainditzen joan beharko du haurrak, ohore hutsa den eginkizuna bete ahal izateko. Topatzen dituen zailtasunak, baina, ez dira haur jolas bat, eta oztopoak ezbeharren zerrenda luze bat bilakatzen direnean zaila egiten da ulertzea abenturak benetan merezi duen.
Zinemagile irakiarrak detailez beteriko kontakizuna eraiki du, irudi zoragarriak uzten dituena, ikuspuntu politikoa alde batera utzi gabe. Gaizki atera daitekeen guztia gaizki ateratzen den istorio horietariko bat da, ordea, eta zenbaitetan helduleku baten falta sumatzen da; esperantza apur bat, lagunduko gaituen esku bat. Saeed lagunarengan aurkituko du Lamiak arnasgune hori, baina azken batean hura ere haur bat da, eta mutikoak ere baditu bilatu beharreko altxorrak. Horrela, 24 ordu irauten dituen abentura haurtzarotik heldutasunerako bidaia bilakatuko da, halabeharrez.