ZUZENDARI BERRIAK
Zuzendaria: Tsao Shih-Han. Aktoreak: Chen Hsuan-Li, Wu Kang-Ren, Sun May. Herrialdea: Taiwan. Iraupena: 114 minutu.
Haztearen zailtasunak
Chou 15 urteko nerabe bat da. Munduan bere lekua topatzeko nahiaren garai horretan dago, eta haur eta heldu artean egotearen ezinegonak arazoak besterik ez dakarzkio. Eskolan aspertu egiten da, berandu iristen da klaseetara, eta amak hamaika talisman eta amuleto eman arren, ez ditu ikasgaiak gainditzen. Zaharragoak diren mutil talde baten laguna egingo da, eta auzoko billar batean lanean hasiko da. Etxean ere gauzak ez doaz ondo. Aitak diru asko galdu du, eta lanean bizi dituen tentsioak familiara ekartzen ditu. Hori gutxi balitz, semearekin komunikatzeko arazo bat dauka, eta oihuka eta kolpeka konpontzen ditu desadostasunak. Taiwanen gaude, 1996. urtean, herrialdeko lehen hauteskundeak gertatzear dira, eta gerra baten beldurra nabari da herritarrengan.
Mutil gazte baten nahasmenaren eta independentzia nahiaren kontakizuna da Nan fang shi guang / Before the Bright Day. Haurtzaroaren azken zantzuez aldendu nahian dabil Chou, heldu izatea zer den guztiz ulertu gabe. Haren saiakera eta porrotak ikusiko ditugu, eta helduago sentitu nahi horrekin tematuta egingo dituen tontakerien testigu izango gara. Tsao Shih-Han zinemagile taiwandarraren lehen film luzeak badu samurra den zerbait, gaiztakeriarik ez duena, eta zeharo galduta dagoen mutikoaren ekintza aldrebesak ikustean nolabait bere portaera ulertzera garamatzana. Bizitzako garai zail bat igarotzen ari da, kontestu politiko eta sozial zail batean, eta familia eta lagunek ulertzen ez duteneko sentipen egozentriko horrekin identifikatu gaitezke. Baina filmaren estrukturak zail egiten du identifikazio horri eustea, eta kontakizunak punturen batean haria galtzen duela dirudi, istorio bat baino gehiago eszena segida bat bilakatuz. Filmarekiko distantzia eragiten du horrek, eta samurtasun eta umore uneak gozagarriak badira ere, ez dira nahikoa kontakizunaren pisuari eusteko.