SAIL OFIZIALA
Zuzendaria: Joachim Lafosse. Aktoreak: Eye Haidara, Leonis Pinero Muller, Teodor Pinero Muller, Jules Waring. Herrialdea: Belgika-Frantzia-Luxenburgo. Iraupena: 94 minutu.
Sei egun
Zinemaren pagotxa handienetako bat da munduko eszenarik kaskarrena munduko musika hoberenarekin hornitu dezakezula, ahalegin handiegirik egin gabe. Pentsa ezazu zure kantu kuttuna, kuttunetan kuttunena; bada, kanta horixe, nahi izanez gero, eszena batean sar dezakezu (eskubideak ordainduta, bistan da). Pentsa zer ari garen esaten: hildakoak lokarrarazteko eszena ertain batean, adibidez, Billie Eilishen kantu zoragarriena sar dezakezu, eta derrepente eszenak hegan egiten du edertasun miragarriz. Lege honen arazoa, paradoxikoa, zera da, kontrakoa ere gerta daitekeela, hau da, eszena eder bat zapuztu dezakezula musika ezegokia jarriz gero.
Hauxe da Joachim Lafosseren film honi gertatzen zaiona, narrazioa entzuteko eszenez mukuru dagoela, badakizue, bideoklip gisako eszena horiek, non pertsonaiak ikusten baititugun hitzik egin gabe, adibidez autoan doazela, introspekzio gisako batean. Lafossek, ordea, torpezia kasik insolito batekin, eszena horietan guztietan musika okerra (tristea, tristeegia) hautatuz, filmaren norabidea nahasten du.
Ez dakigu filmak dramatiko izan nahi duen, kostunbrista-naturalista, edo komedia. Zinez, ez dakigu. Musika tristea da, baina aktoreek kontatzen dutena ez. Begiradek kontatzen dutena, ere ez. Ezta dialogoak ere. Ezer ez da tristea, musika salbu. Istorioa, bestetik, nahiko originala da: berriki banandutako emakume bat senar ohiaren familiaren udako etxera doa, itsasbazterrera, bere haurrekin eta bere mutil-lagun berriarekin, oporraldi xume bat egitera. Baimenik eskatu ez duenez, oporrak ikara batean pasako ditu, harrapatua izango den susmo pisuarekin.
Ez da abiapuntu txarra. Istorioa zain ematen dugu, gertatuko denaren zain. Noiz datoz iskanbilak? Baina amaiera gerturatu ahala, ikusten dugu ezetz, ez dela, esnorkelaz aparte, gauza handirik gertatuko. Ezer gogoangarririk ez. Eta galdera da: gauza gogoangarriak kontatzeko ez bada, zertarako kontatu istorioak? Oinarrizko galdera da, baina askotan, erantzuna misterio bat da.