Donostiako 73. Zinemaldia

'Värn'

Denis Lavant aktorea, 'Värn' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Denis Lavant aktorea, 'Värn' filmean. DONOSTIAKO ZINEMALDIA
Uxue Arzelus Lasa.
2025eko irailaren 20a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

ZUZENDARI BERRIAK

Zuzendaria: John Skoog. Aktoreak: Denis Lavant, Agnieszka Podsiadlik, Livia Millhagen, Aron Skoog. Herrialdeak: Suedia-Danimarka-Herbehereak-Polonia-Finlandia. Iraupena: 85 minutu.

Denis Lavant gauzak egiten Suedian

Karl-Gorna Persson lanpetuta dago. Traste batzuk daramatza besoetan. Zelaia zeharkatzen du. Trenbide baten burdinak bizikletan eraman nahi ditu. Zementu antzeko bat sortzen du hautsa eta urarekin. Herriko dantzaldian akordeoia jotzen du. Kotxeak konpontzeko tailer batetik hobiak eta burdin haria hartzen ditu, jabeak errieta egin eta pneumatiko batzuengatik aldatu arte. Herriko haurrekin jolasten du. Etxeko teilatua plastiko urtu eta oihal zatiekin estaltzen du. Zelaia zeharkatzen du. Bizilagunekin urte berria ospatzen du.

Karl-Gorna Persson lanpetuta dago. Izan ere, gerra iristen denerako prestatzen ari da, herritar guztiak babestuko dituen etxe-aterpe bat eraikiz. Gerra Hotzaren garaia da, eta filmaren lehen kredituetan azaltzen zaigunez, Suediako gobernuak herritarrak gerra iristen zenerako prest egon zitezen aholkuak jasotzen zituzten panfletoak banatzen zituen. Bada, Karl aholku horiek serio hartu zituen eta harago joan nahi izan zuen gizona izan zen. Herriko eroa izan zitekeen; haurrek maite dute, gazteek iseka egiten diote, eta helduek, batzuek haren jarrera ulertu ez arren, estimua diote.

Beraz, Karl lanpetuta dago, eta askotan ulertezina da zertan ari den. Hori da John Skoog zinemagile suediarraren bigarren film luzeak kontatzen duen istorioa. Horrela esanda makal samarra dirudi, baina istorioari Denis Lavant aktore frantsesa eta Suediako landako paisaia ikusgarriak gehituta, konbinazio borobil baten aurrean gaudela ohartuko gara. Skoogek eskuartean zituen baliabideak bikain probestu ditu: zuri-beltzean egindako plano zoragarriak eginez, eta Denis Lavanti Denis Lavant izaten utziz. Izan ere, plazer hutsa da aktore frantsesa pantailan ikustea. Gorputz guztiarekin antzezten duen gizona da, etengabeko dantza batean egongo balitz bezala, clown bat da azken batean, eta bere fisikotasuna oso presente du. Bere kutsu xelebre eta samurra primeran datoz pertsonaiarekin, eta hari buruz jasotzen dugun informazio apurra nahikoa da istorioan murgiltzeko. Eta horrela, osagai gutxi horiekin, eta kontakizun sinple batekin, John Skoog zinemagile suediarrak film ederra egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.