'Memorias imaginadas'
Egilea: Mitsuo Miura. Lekua: Donostiako Altxerri galeria. Noiz arte: Abendua amaiera arte.
M itsuo Miura artista japoniarra 2004. urtetik egon da isilean, Madrilgo Elga de Alvear galeria famatuan bere azken erakusketa aurkeztu zuenetik. Baina ez da geldirik egon, lanean jardun du eta 2012an indarberriturik aurkeztu zaigu hainbat erakusketa aurkeztuz. Aurten Alcobendasgo arte zentroan bere arte ibilbidearen inguruko erakusketa bat aurkeztu du; ondoren, Evelyn Botella Madrilgo galerian bakarkakoa, eta, urtea bukatzeko, Donostiako Altxerri galerian Memorias Imaginadas margolan seriea aurkeztu du.
Mitsuo Miura (Iwate, Japonia. 1946) Espainian bizi da, 1965.urtean Europako arte mugimenduak ezagutzeko bidaia bat egitea erabaki zuenetik. Hainbat herrialde ezagutu ondoren, 1966.urtean Espainian kokatzea erabaki zuen. Madrilgo San Fernando Arte eskolan ikasketa batzuk egin ondoren, lanean jardun zuen 1981. urtean Espainiako Arte Garaikide Museoak bere atzera begirako erakusketa bat antolatu zuen arte. Bere lehen arte ikasketak Japonian egin bazituen ere, esan daiteke Europara iritsi ondoren hasi zuela bere arte ibilbide oparoa. Horrela, hainbat hamarkadatan arte kontzeptuala, minimalismoa, espresionismo abstraktoa, land art-a eta instalazioak jorratu ditu bere sorkuntzaren bitartez.
Bi kontzeptu dira ezinbestekoak Miuraren lanean: ordena eta dardara. Bi kontzeptu horiek japoniarrek natura eta espazioaren inguruan dauzkaten pentsamentu propioarekin nahastu dira. Japoniako arte garaikidea aztertuz gero, azken urteetakoa batez ere, artistek Mendebaldeko kulturaren eragin handia jaso dutela konturatuko gara. Halere, guztiek gordetzen dute Japoniako kulturaren mistikotasun berezi bat. Miuraren kasua ez da salbuespen bat; kanpoaldetik datozkion eraginak jaso eta berezko modu batean irudikatzen ditu, eta betiere sortutako irudi, forma eta koloreek ekialdeko oreka berezi bat gordetzen dute.
Altxerri galerian aurkeztu duen azken erakusketa honetan pinturan zentratu da artista japoniarra, eta 80ko hamarkada erdialdera landu zuen pinturara bueltatu. Konposizio geometrikoak dira; artelanik gehienek koadroaren unea zeharkatu edo indartzen dute, eta lerro edo forma angeluzuzenak osatzen dituzte. Forma geometriko edo lerro horien kolore biziek azaleraren kolore hotzekin kontrastatzen dute, eta, nolabait, izar formako konposizio ikusgarriak sortzen dituzte. Noski, lehen esan dugun bezala, ordena eta dardarak ezinbestekoak ditu bere artelanetan, eta kasu honetan ere agerikoa da bi oinarri horien erabilera.
Artelanen estruktura horrek sorkuntzaren atzean gordetzen den kontzeptura garamatza. Proiektuaren izenburuak dioen bezala, artelanak artista japoniarraren oroitzapenekin lotuta daude, eta bere eguneroko bizimoduan izan dituen egoera ezberdinen oroitzapenei erreferentzi zuzena dira. Baina ez da memoria kontu soil bat. Oroitzapen horien guztien loturek eta nahasketek bere garunean bidegurutze berriak sortzen dituzte, inoiz gertatu ez diren egoera berriak irudikatuz. Oinarri gisa memoria eta pentsamenduak erabiltzea ez da ohikoa Miuraren kasuan, formaren oinarri moduan behintzat. Orain Japoniako arte kulturarekin lotzen den natura eta paisaiaren ideia izan da formaren oinarria. Kasu honetan, kanpoaldeko begirada baino gehiago, barrualderako bidaia proposatzen digu. Ideia berdinarekin lotuta, erakustokiko espazioak garrantzi berezia hartzen du japoniarraren hainbat erakusketatan, eta, nolabait, espazio hori lotu eta bereganatzen duten instalaziok aurkezten ditu. Kasu honetan, ez du horrelakorik aurkeztu.
Miuraren lana benetan gogoko dut, eta orain arteko ibilbidea eta lan askotarikoak aztertuz, estetikoki eta kontzeptualki oso artista indartsua dela argi dago. Halere, Altxerrin aurkeztu duen azken proiektuak hotz utzi nau. Kontzeptuaren eta irudien arteko lotura oso inozoa iruditzen zait, erabat landugabea, emaitza estetiko soil bat bilatzen duen adimen agortu baten lana. Bi lan bakarrik iruditu zitzaizkidan benetan interesgarriak, areto nagusian kokaturiko formatu txikiko bi lan; agian, geometrikoki eta kontzeptualki landu nahi duen oroitzapenen lotura eta nahasketa ez duelako hain agerian uzten. Gainera, bere ibilbideari begiratu bat ematen badiogu, aurreko lanetan kontrakoa gertatzen dela esango nuke; hau da, ideia edo kontzeptu batetik abiatzen da, baina momentu batetik aurrera hasierako puntu hori atzera uzten du, loturak apurtu eta hegan egiten du, batetik. Jasotzen dituen ideiak plastikoki irudikatzen ditu, bestetik. Ez dirudi azken erakusketan oso urrun heldu denik.
Kritika. Artea
Adimenaren bidegurutzeak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu