Kritika. Antzerkia

Aingeru eroriak

Agus Perez.
2013ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
'Lluvia de ángeles sobre París'

Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urtarrilak 10.

Aingeru eroriak baino gehiago aingeru altxatuak dira, baina horrela deitzen diete zerutik egotzi eta mortalon lurrera bidali ostean, Jaungoiko zaharkituaren eta bere boterearen kontra egoteagatik. Haiek dira Alfonso Sastreren antzezlaneko protagonista nagusiak, eta beraiekin batera Leclerc komisarioa, bere neska laguntzailea eta Lewis Carrollen Alice maitagarria daudelako, besteak beste. Lehenengo biek zintzo-zintzo betetzen dute lerdokeriaren eta ezarritako pentsamolde guztien paradigma, eta bestea jatorrizko inozentziaren pertsonifikazioa da.

Lluvia de ángeles sobre París honetan (Paris gaineko aingeru euria) oso bilbe konplexua ehundu du Sastrek, berarengan ohikoak diren osagai filosofikoak garai bateko umore txinparta bigunekin elkartuz eta ildo diskurtsibo gogorrean polizia-komediako elementuak txertatuz. Era berean, erreferentzia egin nahi izan die mota askotako hainbat egileri, adibidez, Anatole Francerengandik izenburua eratorriz eta Testamentu zaharra aingeruen dialogoetako oinarritzat hartuta. Baina nagusiki, hiruzpalau antzerkigile handi egon dira presente testu osoan zehar: Pirandello, bere Sei personaggi in cerca d'autore-rekin; Beckett, bere absurduaren teatroarekin —nik idortasunaren teatroa esango nioke, zentzu ez gaitzesgarrian— ; eta, zelan ez, Dario Fo eta Franca Rame, beren engaiamendu sozial eta politikoarekin.

Sastre, ordea, ez da horrekin konforme geratu, eta pertsonaiek etengabe nabarmendu dute beren sortzailearen rola, berari galdera asko eginez eta egile bati dagokion rol diskretua behin eta berriro urratuz. Horren guztiaren osagarri, ekintza eszenikoaren kanpoko esatari pare bat ere txertatu ditu —agian Brechti keinu eginez—, antzezlaneko zazpi koadroak gehi epilogoa aurkezteko eta publikoarekin noizbehinkako harreman zuzena ezartzeko, horrela apurtuz balizko fikzioak eragindako efektu engainagarria.

Hala ere, eta orain arte esandakoa esan ostean, nik uste dut benetako muina falta zaiola testuari, egilea xederik gabe ibili izan balitz bezala, azaleko egitura korapilatsuan galduta eta, komedia bat idaztearen aitzakian, ganorazko kontuei benetan heldu gabe. Antonio Malonda zuzendariak, ordea, dramaturgia miresgarria atondu du mekanismo eszeniko txikiak erabiliz eta aktoreen karakterizazioa eta keinuak egoki neurtuz, pertsonaia bakoitzaren nortasuna nabarmentzeko eta euren arteko solasaldiei ahalik eta esangura gehien ateratzeko. Antzezleek, berriz, profesionaltasun handiz defendatu dituzte beren pertsonaiak, eta ñabardura politak eman dizkiete ia biluzik egon den dekoratu aszetiko batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.