KRITIKA. Artea

Akordurako kutxak

Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz erakusketako obra bat. AZKUNA ZENTROA.
2020ko martxoaren 31
00:00
Entzun
'Haurtzarotik zahartzarora,eta alderantziz'

Artistak: Alina Aguila Ferrer etaTana Garrido.Non: Azkuna zentroan, Bilbon.Noiz arte: Apirilaren 26ra arte.

Apirilaren bukaera arte irekita eta ikusgai dagoen erakusketa txiki hau Alina Aguila Ferrer eta Tana Garrido artista egoiliarren prozesu artistiko partekatuaren emaitza da. Azkuna zentroaren 2019ko Praktika Artistikoak programaren barruan, Bilbo eta Kuba artean garatutakoa. Egonaldi horietan bi sortzaileek bizitza eta lan espazioak partekatu izan dituzte, eta hasieran ezberdinak eta elkarren artean banatuak ziruditen proiektuei artistek hari txiki parekoekin eman izan dizkiete azken puntadak. Haurtzarotik zahartzarora, eta alderantziz izenburuak Alina Aguila Ferreren (Villa Clara, Kuba) eta Tana Garridoren (Tarragona, Herrialde Katalanak) lanak biltzen ditu, eta norabide ziklikoa duen ibilbide sinbolikoa iradokitzen du.

Bi mutur horien artean bizitza oso bat eraikitzen dela suposatzen da, eta bien artean, denboraren igaroaz batera, espazioak habitatu eta objektuak han-hemen agertu, sortu, interpretatu eta zentzua ematen diegu (edo ez). Etxea salbuespen leku bat da, eta salbu egoteko espazioa ere bai, baina bereziki memoriaren gordelekua. Etxe espazio honek bi sortzaileen miaketa artistikoan presentzia agerikoa du, askotariko tamaina eta formatuak erabili arren, biek testuinguru domestikoa okupatzen dutenekin jolas eta hausnar egin dutelako, era batera edo bestera.

Erakusketa Azkuna zentroko Lantegia2 aretoan kokatua dago, eta esan genezake erakusketako espazioa bi barne espaziotan egituratzen dela. Batetik, Ferrerren proiektu artistikoaren parte diren jostailu txikiak ageri dira, aretoko zoruan zehar kokatuak; eta, bestetik, paretan ere barnea landua duten zenbait kutxatxo eta mapa bordatuak ikus daitezke. Egurrezko piezen eta jostailu txiki horien tamainak atentzioa ematen du. Izan ere, horiek xehetasun osoz antzemateko kontu handiz gerturatu behar izan ginen zorura, txikitasunak berekin inplizituki zaurgarritasuna eragingo balu bezala, badaezpada, denbora luzez begira egotea saihestuz. Jostailu horietako batzuek barne espazioak irudikatzen dituzte, hala nola izkinatxo batean topa dezakegun panpina etxe bat edo saloi tankera duen bestelako jostailutxo bat. Jostailuak ezberdinak dira, baina denak dira kolektibo baten ezaugarri diren instrumentuak: haurrenak. Alabaina, testuinguru horretan, nahi eta nahi ez, funtzionaltasun bako objektu bilakatzen dira, helduen mundua ohi den erakusketa espazioan barneratuta.

Jostailuekin batera, Ferrerren amaren eta amamaren brodatuak ere tartean antzeman daitezke. Brodatua erakusketa aretoan kokatua, femeninotasun ereduari lotu izan zaion ehuntzearen ondoriozko objektua berrinterpretatzen da, berriro ere, jatorrizko funtzionaltasuna galtzean, arte adiera bereganatuta. Beraz, nolabait, esan dezakegu, Ferrerrek erakusten dituen bai jostailuak eta bai brodatuak etxeko memoria horren ondare materiala direla, objektu askotariko, txiki eta ustez ez-baliozkoz osatuz doan etxearena.

Espazio intimo edo domestikoak erakusketa honetan bereganatzen duen pisua, inplizituki bada ere, aipagarria da. Bi artista hauen poetikan etxearen barne espazioak berekin dakartzan historia eta zama, eta horrekin lan egin nahiak eragin agerikoa baitauka. Izan ere, historikoki eraikitako domestiko/pribatua -publikoa dikotomia horretan pribatua emakume gisa irakurritako subjektuari egokitu izan zaio, hots, emakumearen eta etxearen arteko lotura (sinbolikoa bada ere) ez da ausazkoa. Ideia horretatik tiraka, aipa ditzakegu «emakumearen gorputza ere etxe bat da» Tana Garridoren esaldia, Louise Bourgeoisen femme maison lan-seriea, Idoia Elosegiren gorputz egiturak, eta gorputz-etxeari erreferentzia egiten dizkioten beste hamaika artelan.

Bereiz dezakegun erakusketaren beste aldea Tana Garridoren instalazioak okupatzen du.Kutxa zuri batek osatzen duen ikus-entzunezko instalazioa da, non artistak Kubako egungo etxe-espazioa islatzen duen. Kutxa barruan sartzean, etxe barrualde bateko irudiak proiektatzen dira. Badirudi irudietan antzeman daitekeen argi zuria instalazio kutxaren zuritasunak areagotzen duela, trantze egoera batean irudiek denborak higatzen duen etxera zaramatzaten bitartean, izan Kubakora, izan Euskal Herriko zurera. Kanpoaldean, Garridok Habanan eginiko ikerketan bildutako emakumezkoen narrazioak entzun daitezke, gorputzak zoruan jesartzeko eskatzen duen bitartean.

Etxeek familia eredu, komunitate eta memoria zehatz batzuk bildu eta babesten dituzte, modu honetan mikro lurraldeak sortuz. Etxea iragandako horren oihartzunetan sostengatzen da, eta egunerokotasuna osatzen duen horrek guztiak iratzarrita mantentzen du haren arima. Etxe bat izatea pribilegio bat da, altxor bat, horrek jatorria, oroitzapena, memoria, babesgunea eskaintzen duen neurrian, nahiz eta kasu batzuetan, kartzela ere bilaka daitekeen arren modu argian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.