Incursed. 'Elderslied'

Alegiazko bidaia

Inaxio Esnaola Aranzadi.
2015eko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Autoekoizpena.

Oparoa, zabala eta interesgarria da nazioartean jorratzen den heavy metal musika. Talde ezagun eta handien gerizpean bizi direnek azpi-estiloak elikatzen dituzte, eta baita korronteak sortu ere. Duela urte batzuk, folk metal paganoaren fenomenoa gertatu zenean, ehunka banda agertu ziren. Gurean, ordea, lehenagotik baziren muturreko doinuak folkarekin nahastu zituztenak, hala nola Aiumeen Basoa, Numen, Ilbeltz eta Adhur underground talde estimatuak. Black metal-a euskaraz jorra zitekeela erakutsi zuten. Ordutik, antzeko elementuak nahasi dituzten bandak ez dira asko izan. Horietako bat da Bizkaiko Incursed bikingo kuadrilla. Gazteak izan arren, hiru disko argitaratu dituzte. Elderslied da hirugarrena, eta abendu bukaeratik sarean entzun eta eskura daiteke.

Eskandinavia dute oinarri. Kultura, mitologia eta baita metal doinuak ere. Bereziki Islandia oso presente dute Fimbulwinter aurreko diskotik. Orduan definitu zuten beraien viking metal musika, eta lan berrian aurrerapauso nabarmena eman dute. Sormena lantzearekin tematu dira. Turisas, Wintersun, Equilibrium eta Finntroll banda ezagunen eragina irentsi, eta beraien alegiazko bidaia sortu dute. Norabide epikoa garatzearen ondorioa da hori.

Filmetako musikaren bidetik, Song of The Ancient instrumentalak ematen dio hasiera Elderslied izeneko abenturari. Melodia pasarte lasaiek erritmoa azkartzen dute Heart of Yggdrasil kantuarekin. Ahots urratu eta garbien artean kokatzen da, oinarrian duen folk melodia desafiatuz. Ildo berekoak dira Raging Wyverns, Jötnar eta The Wild Hunt. Azken horretan, biolina da protagonista. Diskoan osagarri bezala agertu arren, egiten dion ekarpena hori baino gehiago da. Kantu luze eta ibiltarien artean, bihurrikerietarako tarterik bada: Beer Bloodbath. Izenburutik hasita, bizkaitarrek taberna barrura sartzen gaituzte folk festarekin bat egiteko. Diskoaren aurrekari bezala, izen bereko lan laburra atera zuten.

Ezusteko pozgarrienak bidaiaren bukaera aldean topatuko ditugu. Ingelesez abestu arren, euskarazko abesti batekin ausartu dira. Suaren lurraldea (The Land of Fire) bizkaitarren izaera epikoaren beste erakusle bat da. Nazioartetik sarri esaten duten bezala, euskara ondo baino hobeto uztartzen da metal doinuekin. Bigarren ezustekoa One among a Million hamar minutuko abestia da. Lau zatitan banatuta, talde bezala eskaini nahi dutena josten dute pasartez pasarte. Eta azkenik, ezkutuan bada ere, Game Of Thrones telesailaren abestiaren bertsio bikaina aurkituko dugu.

Bikingoen benetako abentura hasi baino ez da egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.