Kritika

Amesgaizto amerikarra

Gontzal Agote.
2011ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Antzerkia

'Winter's Bone'

Zuzendaria: Debra Granik. Aktoreak: Jennifer Lawrence, Shelley Waggener, Garret Dillahunt. Herrialdea: AEB.Iraupena: 100 minutu.

Amerika esaten diote bere buruari, haien herrialdea kontinente oso baten gainetik jarri dute. Hortik aurrera, dena da american, kafean hasi eta hegazkinetan bukatu. Hala ere, usuen ameskeriari, ilusioari aplikatzen ohi diote adjektiboa.

Chasing the American Dream edo besterik gabe American dream herrialde oso baten urguilua eta gauzak sinple emateko/esateko joera laburbiltzen duen esamoldea da. Gizarte eskalan norberak gora egiteko duen aukeraren eslogana bihurtu da amets famatu hori. Eta espainiarrak El Doradoren bila nola, kontaezinak izan dira horren bila abiatu direnak. Gutxi batzuek ezagutu omen dute.

Ilusio horrek, baina, bandera izardunak ezkutatu ezin duen ifrentzu gordina du AEBetan bertan. Alde horretara bideratu du bere kamera Debra Granikek eta azkenaldi honetan amesgaizto amerikarraren gainean egin den kronikarik zintzo eta gordinena egin du. Lehorra da oso Winter's Bone, halakoxeak dira paisaia desolatuak, horrelakoak ere horiek bizi dituzten pertsonak ere. Cormac McCarthyren The Road-eko bidaiaren azken etapa bailitzan, Granikek begi aurrean jarriko digun panoramak ia ezinezko bihurtuko du arnasa hartzea. Esperantzarik gabe, baita gupidarik gabe ere, kontatuko du istorio oso beltz bat. Soil-soilik amaierako musika doinuek utziko dute aire fresko apur bat sartzen.

Aspaldi honetan asko hitz egiten da genero beltzaren berritzeaz. Askok nahiko lukete jazz doinuak, zigarroen kea eta detektibe zinikoak berriro agertzea, orain kolore alaiez eta kamera batetik bestera etengabe mugituta. Hori izaten ahal da beltza garaikidearen moldeetako bat, baina Winter's Bone-k agertzen duenak generoren erraietara jotzen du. Filma ikusi ondoren, askoz hobe konprenitzen ahal da zer ziren orain distantziaz ikusten ditugun istorio eta pertsonaia itxaropenik gabeko horiek.

Existitzen ez den pertsonaia bat da narrazioaren motorra, eta haren itzalari segika zauriz jositako lurralde baten kartografia soziologikoa eraikiko du filmak. Inguru horretan leialtasunaren eta esaten ez diren gauzen balioak ez du parekorik, Ree gazteak hori ikasteko beste erremediorik ez du. Gizon zein emakumezko, denek lege bera dute, biziraun, berezko kode etiko bete eta betearaziz. Soilik azkarrenek, gogorrenek iraunen dute, inozentziak eta ontasunak ez dute lekurik. Kafkaren Amerika da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.