'Misión a Marte'
Zuzendaria: Amat Vallmajor del Pozo. Herrialdea: Espainia-Euskal Herria. Iraupena: 72 minutu.Txomin arkeologoa da, baina langabezian dago. Marten peritutza lan bat eskainiko diote eta zalantza izpirik gabe onartuko du. Eibarren bizi da Txomin, eta Marten egin behar duen lanerako prestakuntzei ekingo die. Bere anaia Generen laguntzarekin, autoa hartu eta Eibartik abiatuko dira biak. Politikaz, pandemiaz eta bizitzaz hausnartzen duten bitartean, hainbat geldialdi egingo dituzte, haien helmuga den Martera iritsi baino lehen. Baina Txomin eta Gene bizi diren mundu horretan badago lanbro toxiko bat, azaltzen denean maskarak erabiltzera behartzen dituena. Gene, gainera, gaixo dago, eta haren osasunak okerrera egiten du bidaian zehar. Autoarekin izango duten istripu bat dela eta, haien arreba Milari deitu beharko diote, eta hiru anai-arrebek etxerako bidea hartu beharko dute ezinbestean.
Orain arte entzun ez diren Hertzainak taldearen grabaketak soinu banda dituela, road movie distopiko bat sortu du Amat Vallmajor del Pozo katalanak. Bere lehen film luzea den honek, Misión a Marte-k, anai-arreben arteko harremana du erdigunean, eta, heriotzak presentzia handia badu ere, bizitzaren eta bizirik sentitzearen aldeko kontakizuna da.
Elias Kerejeta zine eskolaren testuinguruan egin du filma Vallmajorrek; bertan ikasi zuen sorkuntza masterra, eta aktore lanetan bere bi osaba eta ama izan ditu. Horrek naturaltasuna eman dio filmari, eta, familia bazkari batean egongo bagina bezala, Txomin eta Generen konplizitatearen lekuko izango gara, eta arreba nagusiarekin dituzten eztabaidak gertu sentituko ditugu. Zuri-beltzean eta 16 milimetrotan grabatutako irudiek, baita lanbro toxikoaren aurka erabilitako maskarek ere, kontrapuntu interesgarria emango diote filmari, eta horren era orekatuan uztartzen diren bi alderdi horiek egingo dute zinemagile katalanaren lana berezi; bere txikitasunean lortzen baitu izatea zientzia-fikzio kontakizuna eta gertuko istorioa, bidaia punkia eta familia erretratu hunkigarria.