Arazo gutxi

2023ko azaroaren 19a
04:00
Entzun

'Trouble in Tahiti' (Musikene Opera Orkestra)

 

  • Zuzendariak: Jesus Etxeberria (musika) eta Guillermo Amaia (eszena).
  • Bakarlariak: Carmen Artaza (Dinah), Josep-Ramon Olive (Sam), Estibaliz Arroyo (Neska), Aitor Garitano (Mutil 1) eta Juan Laboreria (Mutil 2).
  • Egitaraua: L. Bernstein, J. Kern, G. gershwin, S. Joplinen obrak eta L. Bernsteinen Trouble in Tahiti
  • Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia.
  • Eguna: Azaroak 17

Donostia Musika elkarteak opera ekoizpen propio bat aurkezteko erronkari ekin dio aurten ere. Iaz bete-betean asmatu zuten formatuarekin, eta badirudi hori finkatzeko apustua egin duela: iraupen motzeko opera bati (berrogeita hamar minutu inguru) espresuki sortutakoa, eta obra bera testuinguruan kokatzeko balio duen hitzaurrea gehitzen zaio aurretik.

Hitzaurrean AEBetako opera tradizioaren zein musikalen haztegi izan ziren autoreen obrak eskaini ziren, hain zuzen ere, XX. mendeko lehen hamarkadetan arazo sozialak, dantza eta abeslariak eszenan bateratu zituztenak, jazz, soul zein folklorearen hizkuntza musikalaren elementuak erabiliz. Iñigo Gastesiren narrazioa gidari, Gershwinen Summertime ezaguna entzun zen, lo-kantaren zentzua erauzita, baita Scott Joplinen Treemonisha opera ixten duen A real slow drag ere.

Horrek guztiak Leonard Bernsteinen Trouble in Tahiti ulertu eta gozatzeko bidea ireki zuen. Sam eta Dinah, itxuraz gerra osteko amets amerikarra lortu duen erdiko klaseko bikotea du protagonista obra honek: auzo, seme, etxe eta altzari perfektuak, erosotasuna bermatzeko gailuak, aisialdirako denbora eta dirua. Eta, hala ere, edo akaso horregatik, guztiz birrinduta dagoen harremana, bestea entzuteko ohitura eta gogoa galdu dituena. Eszena-zuzendaritzak opera honek taularatzen duen urrutiratze fisiko eta emozionala sendotu egin zuen askotan eszenatokia bitan zatitzen zuen lerro ikusezin baten bidez, gela berean daudenean ere Dinah eta Samen bi munduak banatzen dituena. Josep-Ramon Olivek lan bikaina egin zuen Sam garailea interpretatzen, eta Carmen Artazaren ahots borobilak gordintasuna gehitu zion Dinahren anbibalentziari. Azken hori, tamalez, orkestraren kontrolik ezak oztopatu zuen maiz; Island Magic zatian, esaterako. Garitano, Arroyo eta Laboreria kontrapuntu freskoa izan ziren, koro greko klasikoen kutsua dakarten iruzkingile finak.

Istorioa badakigu: ongizate gizarteetan dibortzio legeak hedatu zirenetik bikote ugari hautsi dira eta, aldiz, bizitza asko salbatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.