Bilboko Orkestra Sinfonikoa
Egitaraua: Argentinar musika. Zuzendaria: Gunter Neuhold. Bakarlariak: Nestor Marconi, Rafaek Gintoli eta Emma Schmidt. Eguna: Ekaiaren 9a.
Ezohiko kontzertuarekin bukatu du BOSek aurtengo denboraldi ona: Argentinako musika klasiko eta popularrarekin hain zuzen ere. Hasierarako utzi zuen Neuholden batuta ziurrak piezarik konprometituena: Alicia Terzianen Biolin eta Orkestrarako kontzertua, op.7. Kontzertu horretan Rafael Gintoli argentinarrak eskarmentu handiko abilezia azaldu zigun biolinean, izatez konplexu samarra den musika disonante eta enigmatikoan. Bada, nahiko ondo lagundua Bilboko orkestraren aldetik, bakarlariak polito gainditu zituen nota bikoitzak edo hirukoitzak, arpegioak, oktabak eta abar, batez ere bigarren eta hirugarren mugimendu birtuosoetan. Azkenean, konpositoreak berak agurtu zuen publikoaren txaloaldia.
Aldiz, ezagunagoak eta argiagoak izan dira jendearentzat Ginasteraren Estanzia balletarako eginiko dantzak, 0p.8., Jose Hernandez-en Martin Fierro gautxoen gaineko epopeian inspiratua. Horretan, Neuholden zuzendaritzak ez du arazorik izan hango musika nazionalistaren erritmo indartsuak sinfonikoen eskuetatik ateratzeko. Baina kontzertu klasiko baten ustekabea tangoen agerraldiarekin etorri zitzaigun bigarren ekitaldian, hain justu. Rafel Garellok Carlos Gardel-en tango batzuei orkestrarako egin zien bertsioak eztabaidagarriak dira nire iritzian, melodiatik kanpora irteten direnean batik bat. Berriz, oso laudagarriak dira Astor Piazzolak tangoa goi mailara eramateko egiten dituen ahaleginak —erdibidean geldituak,tamalez—. Afera honetan Nestor Marconik, bandoneon-jotzaile bikaina da, oso ondo erakutsi zuen herrikoia den instrumentuarekin lortu dezakegun trebezia—gure trikitiak baino aukera gehiago ditu—.
Baina, nire ustez, Piazzolaren ahaleginak goi mailara igotzeko dauzkan mugak ere adierazi dizkigu: doinuak eta erritmoak akorde disonante eta apainkerietan itotzen direnean. Asko gustatu zitzaigun orkestraren arima tango zalea kontrabaxuen eta harparen portamentoetan, biolinen lirismoan, batez ere Sus ojos se cerraron eta La cumparsita.
Kritika. Musika
Argentinar gaua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu