Donostiako 77. Musika Hamabostaldia. KRITIKA. Antzinako Musika Zikloa

Artisauaren fuga

Benjamin Alard klabezin jotzailea. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
Arkaitz Mendoza.
2016ko abuztuaren 11
00:00
Entzun

Benjamin Alard

Lekua: Donostiako Santa Teresa komentua. Eguna: Abuztuak 9.

Afinazioan zoragarri aurkeztu zen klabezinean maisu dugu Benjamin Alard gaztea. Bere adinak eta arimak adierazten dituzten hiru hamarkada freskoak heldutasunean igaro ditu azken boladan. Hemeretzi urterekin Brujasko Nazioarteko Lehiaketa irabazi ondoren, ospeak dakarren miserian eta zortean murgilduta egon da. Johann Sebastian Bach alemaniarrak klabezinerako idatzi zituen obra guztiak grabatu ditu disko batzuetan, eta entzule nahiz kritikarien eskutik jasotako txalo eta goraipamenak apartekoak izan dira. Proposatutako Bach-Scarlatti-Bach musika ibilbide honetan, germaniarrak italiarra erraz gainditu zuen. Domenico Scarlattiren hiru sonatetan —K162, 208 eta 491— kontrola eta abilezia azaldu arren, egitura segida bakoitzean irudimena faltan sumatu nuen, jolasti, aske eta umoretsu sentitu gabe. Azken sonatan zailtasun teknikoei aurre egiteko garbitasunean ez zen fidagaitz mantendu, Bachen obrekin erakutsitakotik urrunduz.

Agertokian argiztapen ahula, Alard geldirik komentuan erabateko isiltasuna lortu arte, eta klabezinaren handitasuna entzuleria erabat besarkatzen. Artisau agure batek urteen poderioz iltzatzen duen lanabes ustelaren irudia gomutarazten zuen Corelliren melodia batean oinarritutako Bach dotorearen Fuga-k. Alard handitsu, eskumuturra solte, eta hatzak dantza eroan. Fuga-ren agerraldi bakoitzean musika esana ozenagoa izateko ahalmena du frantziar gazte honek, eta, partituraren orriak pasatzeko arazo inozoak salbu, interpretazio jakintsua oparitu zigun. Halere, errezitaleko obrarik mamitsuena Bachen Re minorreko Sonata BWV964 izan zen, bai iraupenean, bai heldutasunean. Frantziarra erakustaldian eroso, ziurtasunaren eta sentiberatasunaren arteko oreka liluragarri koroatu arte.

Benjamin Alardentzat, klabezinak ez ditu ezinak plazaratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.