Kritika. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Askotariko inspirazioak eta saxofoia erdian

Xelo Giner saxofoi jolea, artxiboko argazki batean. MUSIKA HAMABOSTALDIA.
2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun

Xelo Giner



Saxofoia: Xelo Giner. Elektronika: Aurelio Edler-Copes. Egitaraua: G. Kurtagen Signes, Games and Messages, C. D. Peralesen Bûtho eta Sola, M. Chamizoren Titanio, I. Latorreren Saint Witch eta A. Edler-Copesen Sssooooommmm.Lekua: Donostiako Kursaala, erabileraanitzeko aretoak.Eguna: Abuztuak 31

Musika Hamabostaldiaren amaierarekin batera iritsi da Musika Garaikideko zikloaren itxiera, tartean interpreteak zein sortzaileak elkartzeko helburuz antolatutako topaketa ere, askotarikoak baitira egungo musika formalaren sorkuntza bideak. Osteguneko programa saxofoiaren zein elektronikaren bidez sortutako soinuen poetika deskubritzeko elkargune gisa aurkeztu zen.

Gyorgy Kurtag konpositore hungariarraren Signes, Games and Messages lanaren aukeraketa batek ireki zuen kontzertua. Berez biolarako idatzitako miniaturak dira, eta Xelo Ginerrek berak proposatu zion konpositoreari saxofoirako moldaketa egitea. Bere estiloak iturri ugaritatik jasotzen du ura, eta obra honetan garrasien eta taupaden arteko jolasak ematen dira. Ondoren, Hiroshimako bonba atomikoaren ondorioetan barrena soinu-bidaia egitea proposatzen duen Bûtho, Carlos David Perales andaluziarrak idatzia. Bere lanak baliabide elektronikoen zein konputagailuen eta gizakien arteko harremanean sortzen diren espresio-bideak ikertzea du helburu. Iruditerian soinuan bezain bortitza, bihurdurak dira nagusi mugimenduan, diskurtso hautsian. Bere Sola obrak ere badu bihurdura horien zantzurik ikus-entzunezko osotasunean, solea erritmo tematiaren azpitik.

Mikel Chamizoren Titanio Bilboko Guggenheim museoan estreinatu zen 2022ko abenduan, eta eraikinaren titaniozko estalkia du oinarri; espazio-zundetan erabiltzen den material berbera izanik, Voyager-ek jasotako grabaketak erabiltzen ditu, hutsaren eta gogortasunaren artean paisaia iradokitzailea sortuz. Isabel Latorreren Saint Witch-ek, bestetik, Erdi Aroko melodietan hartzen du inspirazioa, eta Maya Deren zinemagile ukrainarraren jatorrizko irudientzat dago idatzita. Edler-Copesen Sssooooommmm obraren estreinaldi inguratzailea ere izan zen, pedalez osatutako eta espresuki sortutako instrumentu elektronikoa baliatzen duena saxofoiaren soinuak zuzenean moldatzeko. Hizkuntza berezia izanik, ez nintzen hitzekin geratu, baina bai soinuen zein entzutearen irekitzearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.