Lucinda Williams. 'The Ghost of Highway 20'

Azken urteetako onena

Andoni Tolosa.
2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Essential-Highway 20 Records.

Bete du Williams andreak bi urtero (gutxi gorabehera) diskoa kaleratzeko konpromisoa, beste 14 kantu berri kaleratu baititu The Ghosts of Highway 20 honetan. «Beste disko bikoitza aurreko Down Where the Spirit Meets the Bone-n ondoren!», pentsatu nuen, luzeran ordu eta 20 minutura jotzen duela ikusita. Ez nintzen izutu, Lucinda Williamsek ohituta gauzka kantu luzeetara. Beraz, eta Louisianako kantariaren zale fidela naizela aitortuta, gogoz beterik ekin nion lehen entzunaldiari.

Dust, bere aitaren poema batekin egindako kantuak irekitzen du diskoa. Abiadura ertain eta garapen luzeko country-rock pieza bat da. Car Wheels On A Gravel Road eta Essence arteko—kantariaren bi diskorik bikainenak— esparru gozagarri horretan kokatzen zaituena. Hasiera ezin hobea fundamentuzko kantuak maite dituen edonorentzat. Gero hasten da baladen maratoia, House Of Hearth ia beldurgarria. Hori da kantatzea hori, xuxurlatzearen ondorengo hurrengo urratsa. Lelo bikaina du I Know All About It-ek, eta behin kontu hauekin hasita, hortxe dator Peace In My Hearth akustiko zoragarria. Nahiko pista badira disko inspiratua dela ebazten hasteko. Baina zalantzarik edo balego, Death Came-k gauzak bere lekuan jarriko ditu. Lucinda Williamsi aspaldian entzun diogun kanturik ederrenetako bat baita, eta bidea egiten jarraitzeko Doors Of Heaven honky tonk «aluzinatua» dator, ez lokartzeko agian.

Harrigarria da diskoak duen indarra, hain geldoa izanik, baina horixe da emakume honen trebeziarik nagusietako bat. Esanguratsua da, aurrekoaren sesio beretan grabatu izana disko honetako material gehiena, eta era berean, hain ezberdina gertatzea haren aldean. Hau askoz ere sendoagoa da, ilunagoa, ekoizpenez basatiagoa. Adibidez, nabarmena da hasiera-hasieratik gitarra elektrikoen presentzia erabatekoan, punteoa hemen, marrazkitxoa han, gitarra bikoiztuak edonon, ezker eta eskuin... Ez da harritzekoa Bill Frisellenak baitira disko honetako gitarra gehienak. A! orain ulertzen dut, hainbatetan kasik ukitu progresiboa sumatu izana kantu batzuen garapenei. Oso nabarmena da hori gospel ilunenaren adibide izan daitekeen kasik 14 minututako Faith & Grace-n, baina baita ere Factory-n edo If My Love Could Kill-en. Horietan, gitarrak etengabe ari dira sareak josten kantariaren atzean, zorabiatzeraino haietan erreparatuz gero.

Konturatzerako iritsi da amaiera. Aho zapore bikaina uzten duen disko horietako bat da, susmoak susmo, diskografia osatzeko gogorik gabe kaleratutako disko bat baino gehiago, Lucinda Williamsen kualitaterik onenak erakusten dituen disko konprometitua baita. Azken urteetako onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.