'Ex-Husbands'
Zuzendaria: Noah Pritzker. Aktoreak: Griffin Dune, James Norton, Miles Heizer, Rosanna Arquette. Herrialdeak: AEB. Iraupena: 98 minutu.Noah Pritzker zinemagilearen bigarren pelikulak baditu hainbat bertute, gehiegizko lilurara eta bikaintasunera iritsi gabe ere. Badu tonu triste bat, malenkoniatsua, eta, tarteka, umore dosi neurtu batzuek orekatu egiten dute balantza.
Familia bateko gizonak dira istorioko protagonistak: lehenbizi, aitonak erabakiko du emazteaz banandu nahi duela. Semeak ez du albistea batere ondo hartuko, baina, handik gutxira, hari gertatuko zaio haustura, emazteak abandonatzen duenean. Biloba zaharrena, bestalde, ezkontzekotan da, eta ezkon aurreko agur festara joango da Tulumera (Mexiko), anaia gaztearekin eta lagun minekin. Mexikoko herri turistiko horretara joango da haien aita ere.
Familiako gizonen arteko zaintza da pelikulako gakoetako bat. Aitaren eta seme baten arteko harremanaren afektua eta bi anaiaren arteko harremana txukun islatuta gelditzen dira Ex-Husband-en. Ezohikoa da hori.
Istorioak erritmo onean eta narrazio egitura klasiko batean egiten du aurrera. Hortaz, zinema areto komertzialetan funtzionatzeko moduko film horietako bat dela ere esan daiteke.
Nabarmentzekoa da, bestalde, aktoreek egiten duten lana: Griffin Dunnek eta James Nortonek oso fin hezurmamitzen dituzte beren pertsonaiak. Ezusteko deigarriagotzat jo daiteke, hala ere, Miles Heizer aktore gazteak egiten duen interpretazioa —Netflix plataformako 13 Reasons Why telesailean egindako lanagatik da ezaguna—. Pentsa daiteke Heizerrek etorkizun oparoa izan dezakeela baldin eta aurrerantzean ere pertsonaiak ondo aukeratzen baditu. Ex-Husbands filmean, bederen, neurrian jokatzen du pertsonaia, sinesgarritasun handiz. Rosanna Arquette ere ageri da bigarren mailako rol batean, ohi baino apalago.
Soinu banda ez dago batere gaizki. Eta, funtsean, film entretenigarri bat ondu du Pritzkerrek, fina. Ez da gutxi.