'Estaltzea ikusteko, edobegi alferra'. Marina Nuñez.
Lekua: Rekalde aretoa (Bilbo).
Noiz arte: maiatzaren 15 arte.
Begiak. Begi ederrak, handi eta esanguratsuak, baina baita bereziak, kezkagarriak ere. Bisitaria zelatatzen duten begi artegak, arraroak, mutanteak dira Bilboko Rekalde aretoan Marina Nuñez (Palentzia, Espainia, 1966) artistaren erakusketaren muina—azken 20 urteetan gauzaturiko lanen hautaketa honetan margolanak, marrazkiak, infografiak eta bideoak aurki daitezke, gizakiaren alderik ezkutuenak aztertzen dituzten proposamenak—.
Erakusketaren abiapuntua Buñuelek Dalirekin batera eginiko Un chien andalou (1929) filma dugu —sarreran pantaila handian ikusgai—, batez ere lehen eszena, ospetsua bezain bisualki indartsua: gizonezko batek, Buñuelek berak, bizar-xafla bat zorrozten du etxeko balkoitik gauaren zerua begiratzen duela, eta laino batek ilargi betea zeharkatzean, emakume baten begia ebakitzen duela imajinatzen du... Irudi horiek, eta oro har film osoa, Freudek teorizaturiko ametsen ikuskeraren eraginpean, arrazoiaren mundu zurrunarekin hautsi eta inkontzientearen unibertso ezkutuarekin konektaturiko adierazpen lez interpreta daitezke. Maria Nuñezek, begia gizakion elementu iradokitzaile nabarmena dela konturatuta, berau darabil —begien izaera alderdi biologikoenetik sinbolikoenera igaroz— surrealistek artearen bidez gizakion alderik ezkutuena errepresentatzeko zuten asmoarekin jarraitzeko.
Begiaren ideiatik sortzen den metafora multzoa askotarikoa da, bai ikusmenaren zentzumenak tradizionalki duen garrantziagatik, baita organo bisualak berak duen izaera fisikoagatik ere. Begiak gure ingurura, kanpo mundura gure barne mundutik irekitzen diren leihoak ditugu; erakargarriak izan daitezke, delikatuak, bigunak, baina baita ilunak, zitalak ere. Horren ildotik, artista espainiarrak bere unibertso propioa garatu du: nini ezberdineko begiak, begi zulo bakarrean pilatzen diren begi ugariak, desegiten direnak, begi bizidunak. Mostraren izenburuak berak mundu honi egiten dio erreferentzia, hain justu, oftalmologiaren ikuspegitik. Usu, gaitzdun begia osatzeko —begi alferra, esaterako—, osasuntsua estali ohi da. Imajina dezakegu, estalita den begi horrek metamorfosia pairatzen duela, eta kanpoaldera beharrean, gorputzaren barnealdera begiratzen duela, normalean ezagutzen ez dugun errealitate konplexu bat behatzeko.
Dena ikusten duten Jainkoaren edo Anaia Handiaren ikuskerarekin hautsi eta begirada humanoago eta hurbilago bat agertu nahi du Nuñezek; hala ere, erakusten digun errealitatea ez da zinez oso atsegina. Arrazoiaren logurak mamuak itzartzen ditu; eta Nuñezen lanetan misteriotsu eta arrotzarekiko erakarmena identifika dezakegu: zoroen erretratuak, munstroak, mutante postapokaliptikoak, aho gabeko eta aho askoko aurpegiak, gorputz erabat deformatuak, emakume biluzien sufrimendu fisiko eta mentalak, aurkituko ditugu erakusketan.
Betiko teknikak eta teknologia berrietan oinarritzen diren lengoaia berriak konbinatuz, Nuñezek subjektuaren identitate pertsonala, askotarikoa eta metamorfikoa, iruditeria oso fisiko eta sinboliko baten bidez tratatzen du. Munduaren tragikotasunez era konkretuan hitz egin beharrean, modu metaforikoan agertu nahi du giza izaera; gorputzak errepresentatzen ditu identitate horren korrelatua direlako, eta betiko obsesioak eta subjektibitatearen estereotipo zaharrak ikertzen saiatzen da, horiek dekonstruitzeko eta berri batzuk proposatzeko. Ez dago erantzun argirik, baina bai helburu jakin bat. Ezagun eta hurbilekoen dugun hori kezkagarria bihurtzea, alegia, Freudek siniestroa deitzen zuen hori ikusleari sentiaraztea da artistaren nahietako bat; funtsean, irudi gordin eta asaldatzaileak erabilita, ikuslea aztoratzeko asmoa. Hori guztia, bereziki —baina ez soilik— emakumeen unibertsoaren gaineko ikuskera kritikoa agertzen duen konpromiso sozial batekin.
Esploratu gabeko lurraldeetan barnako introspekzio bidaia proposatzen da. Kontua da artearen munduak sarritan ekin diola esplorazio horri, eta egiaz zaila dela historian zehar hainbatek (Bosco, Blake, Goya, Munch, Bacon, eta abar luzea) maisuki agerturikoari zerbait gehitzea; hala, erakusketatik irtetean Buñuelen lana ostera ikustean mostrako lanik asaldagarriena orain 80 urte eginiko film hartako begi moztuaren eszena dela konturatzen gara. Horrek, baina, ez du Nuñezen lana estali behar; izan ere, artistari egungo gizarteak ekartzen dizkigun berritasunen aurrean bere ekarpena egitea onartu behar diogu.
Modu batera edo bestera, inplikazio etiko eta estetikoak sugeritzen dituzten zientzia-fikzioaren eta unibertso post-humano baten barnean mugitzen diren errealitateak proposatzen ditu Nuñezek, etorkizunak ekarriko dizkigun erronka berrietan betiko auziek duten presentzia agerian utziz eta begirada berri eta ezberdinak proposatuz. Barne begiradak.
Artea. Kritika
Barnera begirada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu