Londres hirian, jazz garaikidearen inguruan loratu den eszenako bateria jotzaile, musikagile eta ekoizlea da Yussef Dayes, eta Black Classical Music bere bakarkako lehen lan luzea da; hain justu, izugarri luzea da, hemeretzi doinu txertatu baititu 74 minututan.
Halere, danbor astintzailearen proposamena jazzaz harago hedatzen da, bere kide diren hainbat talderen kontzertu eta grabazioetan gertatu ohi denez, tartean, Ezra Collective edo Sons of Kemet. «Ez naiz hemen jesarriko eta esango jazz bateria jotzaile gisa etiketatzea oztopo bat denik niretzat. Deitu iezaiozu jazza une oro, bikain, baina uste dut egiten ari garena artikulatzeko beste modu batzuk daudela», esan du musikari britainiarrak The Guardian egunkariak urrian plazaratutako elkarrizketan.
Ondorioz, aurretik hainbat ahots klasikok erabilitako labelaz baliatu da Dayes bere estreinako lana izendatzeko, bai eta jazzaren mugak lausotzeko ere: Musika Beltz Klasikoa. «Miles Davisek jazz musikari Beltzen musikaklasikoa esaten zion. Rahsaan Roland Kirkek, egurrezko haize-instrumentuak jotzen zituen XX. mende erdialdeko musikari eszentrikoak, Musika Beltz Klasikoa deitzen zion bere musikari. Nina Simonek ere Musika Beltz Klasikoa esaten zion bereari. Zer pentsa eman zidan».
«Gauza batekin definitu ezin diren ñabardura asko daude. Piano klasikoko eskolak izan ditut. Afrikako mendebaldean izan naiz, eta biolontxeloaren eta biolinaren aurrekariak diren tresnak ikusi ditut. Tinbalen aurretik zeuden danborrak ikusi ditut. Beste historia batzuek erakutsi didate jazz disko bat baino handiagoa dela».
Horiek horrela, Black Classical Music diskoa beltzen musiken barrena murgiltzen eta hedatzen den lan zabala da, ezbairik gabe: Jamaikatik Kubara, eta jazz espiritualetik soulera. Doinuak baino gehiago, askotariko giro ugari nagusitzen dira grabazioan, entzulea larritzeko zorian sentitu arte; haatik, Yussefen bateria eta lema nabarmen ageri dira diskoak irauten duen ordubete luzean, eta esku irmo horiei esker, grabazioak zentzua eta osotasuna erakusten du, entzulea erabat sorgindu eta horditu arte. Nik orduak eman ditut diskoan, alderrai; baina Dayesek helmuga zehatzera eramaten zaitu, ametsetakoirletan harrapatuta sentitu arte.
Musikari britainiarrak, jakina, laguntza handia izan du soinu-ozeano horietara iristeko: Rocco Palladino (baxua), Charlie Stacey (teklatua), Malik Venna (saxoa) eta Alex Bourt (perkusioa) musikariak, eta, besteak beste, Shabaka Hutchings, Masego, Misch eta Chineke! Orchestra gonbidatuak.
Yussef Dayes 'Black Classical Music'
Basa eztia
Diskoetxea: Brownswood Recordings.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu