Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Sail Ofiziala

Beckettek baditu milaka aurpegi

Gabriel Byrne aktorea, Dance First filmeko fotograma batean. ZINEMALDIIA.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 1a
00:00
Entzun

'Dance First'



Zuzendaria: James Marsh. Aktoreak: Gabriel Byrne, Sandrine Bonnaire. Herrialdeak: Erresuma Batua-Hungaria-Belgika. Iraupena: 100 minutu.

Idazle baten inguruan biopic bat egiteko orduan, zinemagile batek zenbait aukera formalen artean egin behar du aukera. Samuel Beckett Irlandako idazlearen inguruan pelikula bati helduz gero, espero zitekeen James Marshek ezohiko biopic bat egitea. Eta hala da: Godoten esperoan tragikomedia idatzi zuen idazlearen gaineko lana ezohikoa da.

Zuri-beltzezko argazki zainduarekin ematen ditu lehen pausoak filmak. «Ibiltzea bakea da», esaten dio Beckettek Becketti. Gabriel Byrne bikoitza ageri da eszena batzuetan. Idazlea bere buruarekin hizketan, alegia.

Beckett gazterik agertzen den urteetan, bestalde, Fionn O'Shea Irlandako aktoreak egiten du rol hori, nahikoa graziarekin. Amarekin dituen elkarrizketak —britainiarren umore beltzez zipriztinduak— dira pelikulako unerik onenetakoak. Tarte luzean mantentzen da, gainera, O'Shea gaztea idazlea hezurmamitzen; James Joyceren alboan pasatzen dituen uneak nahikoa gorabeheratsuak dira, nahiz eta Aidan Gillenek fin jokatu Joyceren rola.

Badu filmak beste aukeraketa interesgarri bat: idazlearen gertuko emakumezkoei presentzia eta indarra ematea. Beckett adinean helduago denean, Sandrine Bonnaire aktoreak modu paregabean egiten du idazlearen emaztearena. Haien ahotik irteten dira filmeko bigarren parteko esaldirik ziztatzaileenak.

Baina hala eta guztiz ere, osagai interesgarri batzuk dituen arren, Dance First ez da Becketten zaleak liluratuko dituen film bat. Dantza egiten du lehenbizi Beckett gazteak, baina ostera, gutxi hunkitzen du Beckett helduak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.