Ostiralekoa. KRITIKA. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Behin osotasuna igartzeko

Grigori Sokolov, artxiboko argazki batean. MARY SLEVKOVA / DEUTSCHE GRAMMOPHON.
2023ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun

Grigori Sokolov

 

Egitaraua: H. Purcellen eta W. A. Mozarten obrak. Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuaren 16a.

Buelta asko eman dizkiet kritika honen egiturari eta edukiari, handik eta hemendik pentsatzen aritu naiz zer eta nola esan. Nahi baino gehiago kostatu zait, baina, azkenean, ohartu naiz Grigori Sokolovek asteazkenean eskainitako emanaldiaren inguruan ezer gutxi dudala esateko. Hau bai herstura, hori baita, hain zuzen ere, nire zeregin nagusia kontzertu batera lanera noan bakoitzean. Eta, haatik, ezer ez. Bururatzen zaidan irtenbide bakarra —baita trakets samarra ere, baina larrialdian egoteari egotziko diot besterik ez aurkitzea— lehorte musikal honen zergatiak arakatzea da. Saiatuko naiz.

Bere ibilbide oparoan, esan daiteke Sokolovek aspaldi eskuratu zuela konpositore erromantikoek pianorako idatzitako obren maisu titulua. Musika horren interpretazioaren historian diskografia eta kontzertu gogoangarriak utzi ditu, zaleek zein profesionalek erreferentziazkotzat dituztenak, ditugunak. Bestetik, ezaguna da errepertorio barrokoa, jatorriz klabezinerako idatzitakoa, piano modernoaren sonoritatera bikain moldatzeagatik. Hala, gai da Beethovenen, Chopinen eta Rakhmaninoven lerro melodiko luzeak zein Bachen eta Rameauren pultsu arinak bikaintasunez ebazteko. Kursaalean aurkeztutako programa azken horien eredu izan zen; Henry Purcellen eta Wolfgang Amadeus Mozarten hainbat obraz osatu zuen.

Hemen amaitzen zait hitz jarioa. Kontzertuan bertan, eta baita hura gogora ekartzean ere, hizkuntza naturalak ihes egin, eta musikaren ur-jauziak gogamena blaitzen dit. Bazegoen atentzioa ematen zuen zer objektiborik, musikaren norabidean eta esaldietan agertzen ziren dirdai sotilak: trillo garbiak, apaindura ederrak behar zen tokian, pedala harmoniak sostengatzen han eta hemen, ez gehiegi. Sokolovek ez du imintziorik behar, ez artifiziorik; ikaragaitza dirudi auditoriumaren aurrean, pianoaren aurrean. Sentsazioa daukat pianoa bere esanetara dagoela.

Ez dakit zer gertatu zen bi ordu eta erdiz, sei bisak barne: argiak leun, notak jiraka. Uste dut ez zegoela beste ezer, eta, aldi berean, den-dena zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.