KRITIKA. Zinema

Beste uda bat Simonenean

Carla Simonen Alcarràs filma. AVALON / ELASTICA FILMS.
Andoni Imaz.
2022ko apirilaren 30a
00:00
Entzun

'Alcarràs'



Zuzendaria: Carla Simon. Aktoreak: Jordi Pujol Dolcet, Anna Otin, Xenia Roset, Albert Bosch. Herrialdea: Herrialde Katalanak. Iraupena: 120 minutu.

Uda sasoia beti da aproposa filmetarako, aukera ematen duelako istorio bat denboratik eta espaziotik aparteko parentesien artean gozo biltzeko, nahiz eta batzuetan egoera horrek balio duen, hain justu, garaiaren, lurraren eta harremanen gaineko kontzientzia pizteko ere, hala Jean Renoirren Le fleuve-n (1951), nola Alice Rohrwacherren Le meraviglie-n (2014).

Eta udan biltzen da melokotoi uzta. Carla Simonen zineman uda da oraindik, Estiu 1993 filmaz geroztik (2017), baina Alcarràs lan berrian aldatu egin da orduko ume giro intimoa, eta istorio korala bihurtu, kolektiboa, baita politikoa ere. Haurrak hor daude oraindik: Iris (Ainet Jounou) eta lehengusuak auto zahar batean jolasean ari dira hasieran —Simonek inor gutxik bezala jasotzen du haur jolasen magia hori—, hondeamakina batek zapuzten duen arte; hala, gero familiaren lurrekin jazoko dena iragartzen da. Izan ere, bizimodua lurrari lotzeko modu baten akaberaren kronika bat da filma, egoeraren oinarriak aztertu nahi dituena.

Garbia da lanaren erro neorrealista: irudikatzen duenaren egia gorde nahi du, ikuspegi humanista batez. Ez dago ia aktore profesionalik, ez postaleko irudirik, ez soberako estilizaziorik, ez katalan estandarrik, ez narrazioaz kanpoko musikarik. Dena dela, badu kalkulu eta kontrol agerikotik ere: eszenaratze neurtua, pertsonaiekiko distantzia egokia; pozean hurren, minean urrun. Errimak ere baditu: hitzezko kontratuak eta ahozko kantuak, familiako uzta bilketa bizia eta eguzki panelen instalazio mekanikoa.

Eman lezake Quimet aita dela protagonista (Jordi Pujol), baina ez dago hierarkiarik, denek dute tarteren bat beren arrazoiak eta emozioak adierazteko. Kamera mugimendu horizontalek berdintzen dituzte, eta muntatzeak josten du gidoian sortutako zatikako kontaketa, zeinak badituen formula kutsuko tarteak ere. Istorio pertsonalak katigatzearen presak itotzen ditu trantsizio batzuk, dramaren logikara makurtu beharrak; ezin esan espazioaren distantzia egoki hura denboran halakoa denik beti.

Haurrek eta gazteek inguru naturalak eta kulturalak erakusten dituzte, eta helduen jarrerek hitz egiten dute 36ko gerraz, memoriaz, klaseaz, migrazioaz eta maskulinitateaz. Dotorezia zaharrena da, aitonaren (Josep Abad) bakarkako une isiletan eta amonaren (Antonia Castells) kale jakintzan eta kontamoldean.

Alcarràs-en irudiek eguzkia eta beroa jasotzen dituzte, Eric Rohmerren estiloan —udaren filmatzaile handia, handirik bada—, baita soinuek naturaren hotsak eta etxeko elkarrizketa gurutzatuak ere, Lucrecia Martelen La ciénaga-ren antzera (2001) —han, beste uda sargori bat—.

Eta, horrela, ezarian, filma abiatu duen mehatxuzko argumentua tarteka desegin egingo balitz bezala, Simonek berretsi egin du bizitzari zinemaren zulotik begiratzeko duen ahala, eta gogorarazi, tesia nabarmentzen tematzen den zinema sozial ustekotik urruti, zer den benetan pertsonaiak filmatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.