KRITIKA. Kursaal auditoriuma

Bi banakotasun bat eginda

2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun

Mitsuko Uchidaeta Jonathan Biss

Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 20.

Erromantizismoak, hainbat teoria estetiko eta filosofiko ez ezik, gizabanakoaren eta norberaren sentimenduen hipostasia ere tinko itsatsita utzi digu imajinario kolektiboan. Jeinu indibidualean sinisteko joera hori artean eta, batez ere, musikan aise islatu zen instrumentu bakarlarien sakontzean zein ahotsaren bidez poesiarekin egindako lotura estuan; izan ere, modu adierazgarrian garatzen da garai horretan, besteak beste, lied forma. Franz Schuberten obran aipatu bi ezaugarri horiek topatu daitezke modu nabarmenean, maisuki eta oparo jorratu baitzituen pianorako musika eta abestiak.

Igandean, Schubertek lau eskutarako idatzitako piezak ekarri zituzten Mitsuko Uchida eta Jonathan Biss piano jotzaileek Kursaalera. Lehen zatian Uchida aritu zen ezkerraldean eta Biss eskuinean; bigarren zatian lekua trukatu zuten. Iruditu zitzaidan musikaren bidea eraginkorragoa eta adierazkorragoa izan zela Uchida goiko erregistroan aritzen zenean. Kontzertua ireki zuen obrak, Lebensstürme (Bizitzaren ekaitzak) izena daraman allegro sutsuak, berehala eman zuen aditzera bien zehaztasuna, baita ideia musikal bertsuak partekatzen dituztela ere, edo, behintzat, ongi dakitela horiek bata besteari nola doitu. Deigarria, bestalde, Martxa D819/5 obran erakutsi zuten garbitasuna, horren egitura modu argian atzematen utzi zuena, partitura aurrean bagenu bezala. Divertimento hungariar erara obran, bestetik, dinamikak zabaltzeko eta askotariko ñabardurak miatzeko aukera profitatu zuten, gai desberdinen agerpenekin jolasean, Allegretto luzean bereziki emankor suertatu zirenak.

Ulergarria da programa mota hau gutxitan entzutea, ez baita lan makala bi banakotasunek bat egin dezaten lortzea, hain zuzen, nork bere bizipenen zirrikituen bahetik pasatzea eskatzen duen errepertorioan. Horregatik, badirudi Bissek eta Uchidak eskainitako kontzertuan nagusitu zen sinergia topatzeko Halley kometa ikusteko bezainbeste aukera daudela. Zortea izan genuen Kursaalean egon ginenok, eta betaurreko berezien beharrik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.