Kritika. Donostiako 84. Musika Hamabostaldia

Bi izen klasiko, bi aurpegi

2023ko irailaren 3a
00:00
Entzun

Die Deutsche Kammerphilarmonie Bremen



Zuzendaria: Omer Meir Wellber. Abesbatza: Andra Mari abesbatza. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Irailak 1.

Hamabostaldiaren 84. edizioa Bremengo Ganbera Orkestrarekin itxi zen, ostiralean, aurtengo programazioa blaitu duen mami klasikoa zeukan programarekin. Kronologikoki XIX. menderako zubia egiten duten obrak, Europa osoak Napoleonen mugimenduei eta garaipenei so egiten zien bitartean idatziak.

Lehen sinfonia osatu zuenean, 1800. urtean, gorreriak nahigabe larrian sartuta zuen Beethoven: esango zutenaren beldur, elkartze sozialak saihestu eta kontzertu ugari ere galtzen zituen, frekuentzia batzuek min ematen baitzioten. Munduarekiko arrozte hori izan zen, akaso, musikaren bideak zabaltzeko askatasuna eman ziona. Edonola ere, bere lehen obretan ere antzematen dira bere ekoizpenean nabarmentzen diren bi ezaugarri: tradizioaren ezagutza sakona eta iraultzarako sena. Omer Meir Wellberrek, batzuetan gehiegizkoak diruditen imintzioekin, partituraren esentzia bizia hartu eta piztu egin zuen, dinamikak hedatuz eta kontrasteak azpimarratuz norabidea galdu gabe. Musikariak beti malgu batutaren esanetara, inguruan maiz entzuten ez ditugun pianissimo-ak eskainiz, haize instrumentuen kolore joriei tokia utziz eta elkarri jarraituz doi eta sakon.

Esango nuke bigarren zatian orkestrak izaera aldatu eta, ondorioz, orokorrean distira itzali eta soinu-mailak pixka bat desorekatu zirela. Wellber aldi berean pianofortean eta zuzendaritzan aritzea izan zen, agian, aldaketa horren pizgarri; abesbatza, lau bakarlariak eta orkestra bide onetik eramateaz gain, jotzea ere esfortzu ez beharrezkoa ez eraginkorra suertatu zen. Musikak, gainera, badu kutsu martziala, baina horrek ez luke mezaren esanahia estali behar: otoitza da, ez opera. Rachel Frenkelek ahots borobil eta garbiz haragiztatu zuen hori. Ez hainbeste Martin Mitterrutznerrek, Stefan Cernyk eta Heidi Stoberrek, azken honek pasarte estuak elizkizunari berezkoa ez zaion indarrez ebatziz. Andra Marik une bereziak oparitu zituen, orekan, Sanctus-ean eta kasu batera. Gozatzeko itxiera klasikoa, edizioa bera bezalakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.