Artea
'Bitarte argitsua: The D. Daskalopoulos Collection'
Non: Bilboko Guggenheim museoan.
Noiz arte: Irailaren 11 arte.
Amildegi ilun batetik gatoz, amildegi ilun batean bukatzen dugu, eta bitarte argitsuari bizitza deritzogu». Nikos Kazantsakisen ikuskera tragiko eta existentzialistaren barruan, bizitzaren kontzepzio miragarria identifika daiteke, izan ere, unibertsoaren handitasunean bere txikitasuna ezagututa eta leize ilun batean amaituko duela jakin arren, gizakiaren bizitzagatiko borrokak eta amesteko eta sortzeko duen indarrak idazle grekoa txunditzen du. Berba horiek bere egin, eta giza bizitza bitarte argitsu lez ulertuta, Dimitris Daskapoulos finantza gizonak mundu mailako arte garaikideko bilduma pribatu garrantzitsuenetakoa batu du. Orain, lan horien hautaketa bat ikus dezakegu Bilboko Guggenheimen, hain justu, azken 25 urteetan egindako nazioarteko 30 artistaren 60 artelan baino gehiago. Abiapuntua erakargarria da oso; erakusketa bera, ez hainbeste, argi-ilunak agertzen baititu.
Oro har, mostran eskulturak eta batez ere instalazioak dira nagusi, tamaina handiko lanak, hainbatek areto oso bat hartzeraino. Artelanak tematikoki sailkatu eta antolatu dituzte —batzuk kutsu estetikoa izan arren, proposamen gehienetan eduki kontzeptuala formaren gainetik gailentzen da—, zenbaitetan erlazio funtsaturik barik; baina, egiaz, guztiek dute giza izaeraren gaineko oinarrizko gogoetarik, gaurko eta betiko gai unibertsalak jorratzen baitituzte, hots, gizakion itxaropen eta etsipenak, gorputzaren eraldaketa eta generoa, zein identitate indibidualak eta kolektibo gatazkatsuak. Hala, mundu eta bizitza garaikidearen krisi eta arrakastak agertzen dituen bidaia iradokitzailea dugu.
Badira nabarmendu beharreko planteamenduak, horien artean artista ospetsuenen ohiko produkzio ildoa jarraitzen dutenak, hala nola Kiki Smithen giza gorputzaren transformazioen eta mugen gaineko lan eskultorikoak, Robert Goberren objektu surrealak, Marina Abramovitxek giza eskeleto bat garbitzen duen performancearen bideo-dokumentazioa, Paul McCarthyren tomate-burua, zein Damien Hirsten behi zatikatua formol poteetan, heriotzaren gaineko lan polemiko bezain gordina. Martin Kippenbergerren lan piktorikoak eta Guyton/Walker bikotearen instalazio plastikoak ere indartsuak ditugu.
Ikusgarriak dira, bestetik, John Bockek Palms (2007) bideo lanerako erabilitako autoa, eta Mona Hatoumen Korrontea haustea (1996), argi kaiolatuen estruktura handia. Bere aldetik, esangura askoz sozialagoa du Kutlu Atamanen Küba (2004) lanak, Istanbulgo errebal pobreenetako biztanleen kontakizun biografikoen bilduma zabalak. Baina bereziki azpimarratuko nituzke Annete Messager artista frantsesaren Dependentzia/Independentzia (1995), telaz eta objektu ezberdinez osatutako baso intimista, eta Thomas Hirshhorn suitzarraren Kobazulogizakiagizakia (2002), bakoitzak dauzkan ezaugarri ezberdinak alde batera utzita, biek lortzen baitute instalazioetan sartzen den ikuslea barne hartu eta hari esperientzia sentsual eta intelektuala biziaraztea. Lehenean bisitaria artistaren bizitza pertsonalaren elementuen artean dabil, bereez galdeginez, ibilbide ireki eta misteriotsuan zehar; eta bigarrenean, zelofanez gauzatutako kobazulo sakon postmodernoan murgiltzen da, bizipen eder bezain bereziari bide emanez.
Alabaina, lan batzuk interesgarriak izan arren, beste zenbaitek —eta ez dira gutxi— ez dute askorik esaten, edo esan dezaketena, erreferentzia kontzeptual bihurri eta ilunei men eginez, ez da beti interesekoa. Ez dugu geure burua arte garaikidea argudio barik kritikatzen duten horiekin parekatu nahi, uste baitugu egungo artea dela geure inguruko errealitatea ondoen islatzen eta interpretatzen laguntzen diguna; baina hain justu, sarritan horren kalitate pattalak —hau da, eduki kontzeptual sakonik eta indar estetikorik ezak—, argudio gabe uzten ditu arte garaikidearen aldekoak, eta kasu horretan gertatzen da halakorik. Agian, zenbaitetan kontestualizazio arazo baten aurrean gaude, baina kontua da artelanetako asko ez direla ikusleengana ailegatzen.
Daskapoulosen bilduman egungo produkzio artistikoko lehen mailako izen asko daude, eta gainera, horietako hainbaten lan asko lehen aldiz erakusten dira jendaurrean. Era berean, Guggenheimeko aretoak egokiak dira oso eskala handiko halako artelanak erakusteko, eta pieza batzuen kasuan, muntatzea espektakularra da. Zentzu horretan, arte garaikidearen azken urteetako mundu mailako sorkuntza lanak ezagutzeko bisita gomendagarria da oso. Aitzitik, eta bildumaren abiapuntu den bizitza bitarte argitsu lez ulertzen duen ikuskera zinez polita den arren, esan bezala, mostrako artelanetako askori hain justu argi hori falta zaie, eta izen handiekin batera indar gehiagoko lanak faltan sumatzen dira. Bitarte argitsua, proposamen lausoak.
Artea. Kritika
Bitarte argitsua, proposamen lausoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu