Donostiako 71. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak. 'Last Shadow at First Light'

Bizirautearen samina

Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zuzendaria: Nicole Midori Woodford. Herrialdea: Singapur, Japonia, Eslovenia, Filipinak eta Indonesia. Iraupena: 110 minutu.

Amik ahots grabagailu txiki bat du. Bere altxorra du. Etengabe entzuten ari da amak grabatutako zintak. Bere aitarekin bizi da Singapurren. Amak, Satomi japoniarrak, 2011ko lurrikara eta tsunamiaren ondorioz, gurasoak galdu zituen, eta bere herrira itzuli zen bertakoei laguntzera. Urteak dira Satomi hil zela. 5 urte zituen Amik orduan, baina gazteak, ametsetan, baita esna dagoela ere, ikusi egiten du, eta Japoniara joango da haren bila. Bertan elkartuko da amaren anaiarekin, Isamurekin, eta, ideiak gehiegi erakartzen ez badu ere, osaba-ilobak gertatutakoa ulertzeko bidaia hasiko dute.

Atzean gelditzen diren horien eta bizirauten duten horien istorioa kontatu nahi izan du Nicole Midori Woodford Singapurko zinemagileak bere lehen film luzean. Ezbehar batean maite den norbait galtzean, ulertzen zaila izan daiteke bizirik irten diren horientzat zergatik dauden haiek ondo. Japoniako tsunamia bezalako gertakarien ondoren, erruduntasun sentipena areagotu egiten da. Last Shadow at First Light filmeko protagonistak sentimendu horiek kudeatzen saiatzen ari dira: era batera edo bestera, denek galdu dute norbait, eta era batera edo bestera, bizirauten saiatzen ari dira. Ami bere saminari erantzun bat aurkitzen saiatuko da, eta bere bilaketak eragina izango du ingurukoengan.

Argi-ilunekin jolastu du Midori Woodfordek film guztian zehar: guztiz pizten ez diren bonbillak, argi izpi batzuek paretan sortutako itzalak, lurretik irten eta zerurantz doazen argi arrastoak. Daudenen eta ez daudenen arteko elkarrizketa bat sortu du, memoria eta egiaren bilaketa erdigunean dituela. Izpirituen agerpen askotarikoek eta kontakizunari darion misterio kutsuak istoriotik aldendu nauten arren, osabaren eta ilobaren arteko harremanak guztiz lotu nau.

Bakarrik dauden edo sentitzen diren pertsonaiak dira, eta, haien mina berbera ez bada ere, atsekabean elkar ulertzeko bidea topatzen dute. Pertsonaien atzean Masatoshi Nagase aktore japoniar esperientziaduna eta Mihaya Shirata gazte hasiberria daude, pantaila ertzetik ertzera betetzen duen antzezpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.