Antzerkia
'Miguel Hernández'
Konpainia: Teatro Meridional. Testuaren egilea: Julio Salvatierra. Zuzendariak: Marina Sereresky, Alvaro Lavin. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa.Eguna: urtarrilaren 22a.
Manta batean bilduta eta bere iraganeko mamuek inguratuta agertzen da Miguel Hernandezen figura hasiera batean, hilzorian, gerraosteko kartzelan harrapatu eta hilobira eraman zuen tuberkulosiak jota. Baina, hala ere, bertsoak eta gutunak idazten jarraitzen du, Espainiako Errepublika garaian eta gerran bertan erakutsi zuen kemen berberarekin.
Poetaren hilzorian lau pertsonaia dabiltza haren inguruan: Ramon Sije gazte katoliko kultu eta aszetikoa haren lagun mina izan zen eta berari esker abiatu zen Hernandez Madrilera, hango giro literarioan murgiltzeko. Han, besteak beste, Pablo Neruda ezagutu zuen, eta antzezlanaren egileak txiletar poeta unibertsala baliatu du Orihuelakoaren balioa nabarmentzeko eta orduko artisten konpromiso politikoa azpimarratzeko. Izenik gabeko emakume sofistikatua, ordea, Madrilen ezagutuko zuen giroaren ikurra da, eta azkenik, bere Josefina maiteak ametsetatik kanpo geratzen den bakarra da, poetak hainbeste preziatu zituen benetakotasuna eta herria bera ordezkatuz.
Egileak, aldiz, ez du argumentu arruntik idatzi, garai desberdinetako pertsonaiak elkartu baititu olerkariaren buruan, eta denboran aurrera eta atzera eginez lortu du haren irudia berreskuratzea eta gaurko ikusleengana hurbiltzea. Dramaturgia ere testuaren lagungarria izan da, eta eremu eszenikoaren erabateko biluztasunak are gehiago nabarmendu du antzezpen guztien kalitate bikaina, emanaldi osoan eszenen apaingarri bakarra atzeko pantailan proiektatu diren zuri-beltzeko diapositibak izan baitira.
Bestetik, esan beharra dago antzezlan hau berau 2002. urtean etorri zela Euskal Herrira, baina konpainiak poetaren mendeurrena ospatu nahi izan du lan zoragarri hau berriro martxan jarriz.
Dena den, Miguel Hernandezen beraren ateraldi batek adierazten du beste ezerk baino hobeto haren izaera: behin Ramon Sijek galdetu omen zion bizitzari buruzko zenbat olerki idatziak ote zituen. «Denak!» izan zen haren erantzuna.
Kritika
Bizitzaren olerkaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu