KRITIKA. Artea

'Black, Black, Black'

Mikel Onandia Garate.
2015eko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun

'Black is Beltza'

Lekua: Bilboko Alondegia. Noiz arte: Otsailaren 8ra arte.

Azken urteotan komikiak, eta haren barnean eleberri grafikoak, merezitako estatusa lortu du. Azken belaunaldiko telesailak zinema onenari zaizkionak bezalakoak zaizkio literaturari nobela grafikoak, gurasoen maila berean izaera propioa garatu duten seme-alaba helduak. Horren etsenplu dugu gurean Black is Beltza, nobela grafikoaren urrezko aroan merezimenduz lekua egin duen lan bikaina, euskal panoraman azkenaldiko gertaera kultural nabarmenenetakoa.

1965ean, Iruñeko sanferminetako erraldoien konpartsak New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso zuen; alabaina, arrazagatiko bazterketa zela eta, ez zuten denek desfilatzerik izan, agintari estatubatuarrek erraldoi beltzen parte-hartzeari betoa jarri baitzieten. Gertakari hura eta desfilearen argazkiak, kurioso bezain txundigarriak, izan ziren Fermin Muguruza (Irun, 1963) eta Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) idatzi eta Jorge Alderetek (Santa Cruz, Argentina, 1971) marrazturiko Black is Beltza-ren abiapuntua, nobela grafikoa baina baita abestia eta erakusketa —animazio film ere bihur daiteke, hasieran asmo zuena—, eta paraleloki antolatu ekimen ugariak biltzen dituen proiektua.

1960ko hamarkadako konbultsioaren erdian, Manex Unanueren peripeziek lotzen dute legenda, historia eta fikzioa nahasten dituen narrazioa maitasun istorio eta suspensez —macguffin eta guzti— hornitu thriller-aren barnean, izaera internazionalista eta karga soziopolitiko argiarekin. Apollo eta The Factory mitikoak, Mohammed Ali eta Malcolm X, Juan Rulfo eta Xalbador, Che Guevara zein Jimi Hendrix, CIA eta KGBko espioiak, Black Panther taldea, Otis Redding eta Billie Holiday agertzen zaizkigu, besteak beste, New Yorketik Madrileraino, Kuba, Tijuana, San Frantzisko, Montreal eta Aljeriatik pasatuz doan istorioan, hippy mugimendua, borroka antikolonialista eta diskurtso marxista ezberdinen talken oihartzunarekin, munduaren eta historiaren kontraesanak ageriratuz.

Mostran nobela gauzatzeko materiala —marrazki originalak, dokumentalak, egunkarietako albisteak, argazki historikoak— biltzen da istorioaren kokaleku geografikoen arabera antolatu paneletan. Dokumentazio lan aberatsa agerikoa da. Bertan du lekua, harmaila eta agertokian, programa konpleto eta multidiziplinarrak, ekitaldi askotariko bezain pisutsuekin, denak erlazioan baina bakoitza mundu bat bere baitan, Fermin Muguruzaren energia nekaezinaren isla.

Publikazioari dagokionez, nobela grafiko bati eskatu behar zaion legez, kalitatezko edizioa da Black is Beltza, zaindua zinez, inprimatze ederrekoa. Marrazkien kasuan, pop kutsu argiko lana osatu du Dr. Alderetek —ingerada markatuek eta Ben-Day puntuek egikera lichtensteindarra egozten diote komikiari—, formalki zuzena, potentea oso. Zuri-beltza darabil, kapitulu bakoitzean tonu jakin batekin tindatuz, atmosfera berezia ematen diona; irudi batzuk, orrialde osokoak kasurako, indartsuak dira benetan, baina badira txikiagoak ere, trazu eta konposizio sintetikoagoekin, benetan espresiboak, estetikoki bai narratiboki.

Keinuz betetako obra dugu: musikak, zinemak eta literaturak blaitzen dute komikia: horregatik, erakusketaren bisita lehen irakurketaren eta bigarrenaren (edo hamaikagarrenaren) artekoa izatea komeni da, obraren gako ugaritan sakontzeko parada izango baitu bertan bisitariak, eta, era berean, bisita osteko irakurketa literal baina baita bisual, kontzeptual eta sinbolikoan ere gozatze eta deskubrimendu berriak ahalbidetzen dira. Bestetik, mostrak liburuan atzeman daitekeen istorioaren gaineko azkartasun eta sintesi ariketa konplexu eta behartuegiaren hasierako inpresioa —aurrera egin ahala gero eta azkarrago doa akzioa, gertaera gehiegi metatzeraino, eta fikzioaren egiantzekotasuna mugetara darama horrek— konpontzen du, kontestualizazioaren bidez trama orekatu eta borobilduz, betiere irakurleak bere kasa josi ditzakeen hari solteak utziz, eta, era berean, Black Power mugimenduaren borroka-estetika baten mitifikazio azalekotik harago sakontzeko parada eskainiz.

Garai hartako espiritua aditzera ematen duen road-comic erakargarria baino gehiago da Black is Beltza, literatura eta zinema handienak legez geure buruaren eta inguruko errealitatearen gaineko gogoeta ahalbidetzen duen obra. Gertakari konkretuetatik estrapolatuz, gizakien —haien lanak, familiak, biziak arriskatuz, ezagun, baina batez ere anonimoen— justiziaren aldeko borrokaren istorioa dugu, gaurkotasun handikoa. Beltzekiko arrazismoaren etsenpluak historiako zapaldu guztiekin identifikatzen ditu: denak —emakumeak, ez-kristauak, homosexualak, indigenak, pobreak (egungo arrazismoa aporofobia bilakatu da, funtsean), eta abar— dira beltzak. Ingurura begiratzea baino ez dugu, beltzak ikusteko. Black, Black, Black.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.