Neomak 'Neomak'

Dantza akelarrean

Diskoetxea: Airaka.

2022ko urriaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Aurtengo udaberrian izan den Korrikari eskerrak ezagutu nuen Neomak taldea. Amurrion egin zen hasierako ekitaldian bi abesti jo zituzten, eta bertan entzun nuen lehen aldiz gerora horrenbeste lekutan agertu izan zaigun Ilargi Berriak abestia. Askok badakite ez naizela bereziki aditua trikiti eta pandero kontuetan, eta agian horregatik harritu ninduten pandero ezberdinekin lortzen zituzten soinuek eta taula gainean ageri ziren bost nesken —geroago jakin nuen zazpi zirela— jarrerak transmititzen zuen energiak —sorginen akelarre baterako gonbita luzatzen zuen kasik—.

Izan ere, aspalditik izan dira Sorginak, hainbat taulagain konpartitu baitzituzten, ziurrenik bat baino gehiagorentzat ezagun eginez. Dena den, hel diezaiogun azken akelarre haietako garretatik eta errautsetan gelditu ziren txinpartetatik sorturiko talde berri honek dakarrenari, merezi du eta.

«Ilargi berriak lagun zaharren ondoan» abesten aurkeztu zuten euren burua aurrerapen kantan, taldearen izenari keinu eginez, neomak grezieraz ilargi berriak baitira. Eta hortxe bertan egin ziguten akelarre berri baterako gonbita. Udazken honetan argitaratu dute lehen lan osoa, zazpi abestik osatzen dutena, erroturik dituzten trikiti eta pandero doinuak gaur egun entzuten duten musika dantzagarriagoarekin nahastuz sortua. Base elektronikoek berebiziko garrantzia dute, trikiti, pandero eta ahotsen organikotasunarekin kontrastatuz eta lehen aipatu akelarrean dantza eginez. Zazpi neska gazte dira, nondik datozen ahaztu gabe, eta ertzetan baztertuak izan direnak erdigunera ekarriz, nahi dutena egiten dute, inongo aurreiritzi eta lotsarik gabe. Ilargi berriak abestian nortzuk diren, nondik datozen eta zer dakarten azaltzen digute; Kontu zaharrak-en gure aurrekoek kontatzeko gordeta dituztenak azpimarratu nahi izan dute; Hamen-en koplaz kopla, amorrutik, emakumeek beren burua maitatzea den bekatuaz aritu dira; eta Biluzik tangoan, munduko dantzarik sentsualenean, erotismoz beteriko hitzak sartu dituzte «bi gorputz daude lehertzear, bagoaz azaletik haragira». XXI. mendekua-k ere mezu benetan indartsua dauka, emakumeen ahalduntze eta zaintzearen ingurukoa «kolektiboa ez den ahalduntzea ez delako ahalduntzea» aldarrikatuz, guztia aldakak mugiarazteko doinuetan. Letrarik gabeko bi abestiak ez dira gutxiagorako, Hego haizea Pello Herizek jotako gitarra flamenko batekin hasten da, eta trikitiak sartzean erritmo flamenkoa mantentzen duten txaloekin nahasten da, bi estiloak fusionatuz; eta M.U.X jaialdi elektroniko batean entzutekoa izan liteke, baina hemen ere base elektronikoa arin-arin batekin fusionatzen dute, oso txukun gainera.

Aldarrikapena, zaintza eta errespetua akelarrean dantzatu daitekeela erakutsi du Neomakek. Bidea hasi besterik ez dute egin, baina bide zuzenetik doaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.