KRITIKA. Artea

Deseroso bezain zirraragarria

Mikel Onandia Garate.
2015eko ekainaren 2a
00:00
Entzun

Ertibil Bizkaia 2015

Non: Bilboko Rekalde aretoan.Noiz arte: Uztailaren5a arte.

Orain ehun urte, euskal artea modernitatean sartzean, artista gazteen promoziorako politika kultural egokienaren inguruan polemika piztu zen Bilbon, museoen, instituzioen eta artisten artean: XIX. mendetik diputazioak sortzaile gazteei eskainitako pentsioetarako dirua nazio eta nazioarte mailako erakusketak antolatzeko erabili gura zuten batzuek, eta, horrela, dohainak dauzkan artistarik agertuz gero, hura modu berezian laguntzeko aukera irekita utzi; pentsioak mantentzea defendatzen zuten besteek, aurretiaz inolako diru laguntzarik jaso barik aparteko artistak nekez agertuko zirela argudiatuta.

Gaurkotasun handiko auzia izaten jarraitzen du: nola sustatu arte gazteena, denborarekin merituak agertzen dituztenak sarituz ala gazte-gaztetatik sorkuntzan inbertituz, gehienek aurrera egingo ez dutela jakinda? Ataka honen aurrean, Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako Ertibil programa apustu interesgarria da, azken 33 urteetan fruituak emateaz gain —euskal artista garaikide asko pasa da bertatik— etorkizun oparoa agertzen duena.

Urtero legez, Bizkaiko arte gazteena lagundu eta erakutsi asmoz, Rekalde aretoan hasi eta lurralde historikoko beste hamar herritara hedatuko da erakusketa ibiltaria. Edizio honetan epaimahaiak hautatutako hogei artisten artean, hiru saritu ditu bereziki —35 urtetik beherako 109 artista aurkeztu dira—, eta, ohi bezala, aniztasuna da nagusi. Badira, marrazkiak, margolanak eta eskulturak, baina ikus-entzunekoen eta argazkien presentzia gailentzen da aurten, diziplina arteko muga lausoetan mugitzen badira ere asko. Halaber, kontzeptu eta edukiei dagokionean ere, zaila da halako mostra kolektibo baten balorazio orokorra egitea —lanek agertutako desberdintasunengatik—; alta, badaude proposamen aipagarriak, proiektu handiagoen zati direnak.

Bereziki azpimarratzekoa da Andere Etxegarairen (Leioa, Bizkaia, 1980) Controversia bideoa. Independenteak diren bi seinalerekin —izoztutako erreka apurtzen duen haurra eta musika jarraituz kulunkatzen den gizonezkoa—, gizatasunaren misterio sakon eta unibertsalak —komunikazioa, babes sentimendua, poztasuna— ditu hizpide modu bikainean. Dudarik gabe, lehen saria merezita irabazi du, lan deseroso bezain zirraragarria baita.

Bigarren saria lortu du Christian Villavicenciok (Quito, Ecuador, 1984). Ikuslearen mugimenduen arabera biratzen da lana, ekimen propioa balu bezala, etaezbaian jarri erakusketa espazioa eta eskultura ulertzeko konbentzioak.

Oihan basati baten baitan proiektatutako estruktura analitikoen bidez argazkilaritzaren euskarri konbentzionalak arkitekturarantz hedatzeko saiakera da Amaia Molinetena (Lizarra,Nafarroa, 1988) —hirugarren saria lortu du, baina testuingurua falta zaio aurkezpenari—.

Gizakion alderdi gautar eta ezkutuenak eta umetako oroitzapen ez beti atseginak iradokitzen dituzte Sebas Velascoren (Burgos,Espainia, 1985) eta Ana Aldamaren (Bilbo, 1987) margolanek. Lasaitasun tentsoa eta katarsi bisuala dira Maite Leyunen (Iruñea, 1986) eta Diego Vivancoren (Barakaldo, Bizkaia 1988) bideoen esentzia; ikus-entzunezko ariketa sinple eta inpaktantea lehena, eta pintura erromantikoari erreferentzia argia egiten diona bigarrena.

Artxiboen zeregina galdegiten du Marta Fausek (Gandia, Herrialde Katalanak, 1988), artearen alderdi sentsualenari erreferentzia egiten dion obra bakarrenetakoan. Bere aldetik, argazkigintzak ahalbidetutako mugimendu isuri azkarren izozte gaitasunaz hausnartzea proposatzen du Ivan Gomezek (Irun, Gipuzkoa, 1984). Xabier Barriosek (Iruñea, 1984) errealitate espazialaren, errepresentazioaren eta hori eraikitzeko bitarte teknologikoen arteko erlazioak ditu mintzagai.

Ez dira falta praktika performatiboetara egindako hurbilketak —dokumentazio filmikoarekin Pedro Carnicer (Madril, 1986), argazki collageekin Maria de Viana (Getxo, Bizkaia 1981)—, ezta pinturagintzaren aspektu desberdinetan —pinturaren euskarriaren eta edukiaren arteko bereiziezintasunean, Edurne Martinezena (Bilbo, 1982), kasu—, narratibitate piktorikoan —Damaris Pan (Eibar, Gipuzkoa, 1983)— edota imajina bikoitzean —Ana Riañok zinemari (Bilbo, 1985) egindako gorazarrea— sakontzen duten lanak ere.

Auzi metaartistikoez harago, inguratzen gaituen gizartearen inguruko kezka agerikoa da artista gazteenen artean: kontsumoak inposatu kanon eta identitateak —Raquel Asensi (Barakaldo, Bizkaia, 1989)—, armagintzaren sinbolismoak —Ruben Pino (Bilbo, 1986)—, publizitatearen eta artearen historiaren arteko hartu-emanak —Maria Andres (Mungia, Bizkaia, 1987)—, lurraldetasunaren arbitrariotasuna —Amaia Gracia (Iruñea, 1985)— edo espazioaren eta denboraren merkantilizazioaren onarpen inkontzientea —Julen Araluze (Bilbo, 1984)— dira tratatutako gaietako batzuk.

Arte plastikoetan gazteriak zeresana eta etorkizuna duela erakusten duen lagin txikia baino ez da Ertibil; formatu batean edo bestean instituzio publikoek sorkuntza artistiko berriena bultzatzeak eta zabaltzeak daukan garrantziaren etsenplu eredugarri eta sahietsezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.