Artea. Kritika

Diskurtsoaren absentzia

Mikel Onandia Garate.
2014ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Artea

'Guggenheim Bilbao Bildumaren aukeraketak IV'

Lekua: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: abuztuaren 31ra arte.

Bilboko Guggenheim museoak bilduma modu sistematikoan aurkezten dihardu 2010etik hona, eta laugarren erakusketa zikloari ekin dio aurten. Bi belaunalditako sei artistaren azken urteotako lanekin osatua dago erakusketa, baina mugimendu eta estilo jakin bati atxikitzen ez direla eta, diskurtso tematiko —nahiko anbiguo— baten pean bildu dituzte, ezezagunaren eta esperimentazioaren lurraldean sartuz errealitatearen transformazioa aztertzea, alegia.

Ustez, era oso ezberdinean eta obra oso pluralen bidez, erakusketako artistek absentzia eta presentzia eta antzeko nozioak dituzte hizpide, oro har. Nahiko argi geratzen da hau kasu batzuetan, baina ez beti, edo behintzat ez da erakusketako leitmotiv argi eta sendoa. Museoak ematen duen azalpenaren arabera, artistok modu batera edo bestera errealitatera hurbiltzen dira, baina beti errebelazio bat esperimentatzeko asmoz; hala, errealitateak «aldez aurretik den» zerbait izateari uzten dio, eta esperientzia berezia da; arteak izaera erretorikoa galtzen du orduan, eta guztiz lotzen zaio izatearen, existentziaren, osotasunari.

Erakusketan obra abstraktuen eta narratiboagoen bi atal bereizten direla eta beraien inguruko (hau bai, benetan erretorikoa, hutsala ez esateagatik) azalpen batez dotoretzen direla kontuan izanda, esan genezake diskurtso bako erakusketa baten aurrean gaudela. Horrek ez du esan nahi derrigorrean behar duenik, izan ere, modu autonomoan eta elkarrekin harreman barik eskuratutako bilduma iraunkorreko obrak erakustea da kontua; gainera, ekarpen teoriko orokor funtsaturik ekarri ez arren, lan batzuek interes berezia agertzen dute bere kasa.

Manu Arregiren (Santander, Espainia, 1970) Guztiz xarmangarria (2007) bideoa zirraragarria da. Bi pantailatan —batean irudi erreala, eta bestean imajina birtuala— neska gazte bat ageri zaigu puff baten gainean jesarrita bueltaka; Vanesa Rodriguez da, elbarritasun larria du, eta biluzik ez baina bere anatomia bihurria erakutsiz, irribarrez eta poema bat errezitatzen ari da. Drama pertsonalak, edertasuna, errealitatearen eta digitalaren arteko erlazioak zein Guggenheim museoa bera ditu hizpide instalazio hunkigarri eta asaldatzaile honek. Hotz uzten ez zaituzten lan horietako bat. Bestalde, bideo proiekzio eta eskultura batez osatu Andre itxurako keinuarekin (2011) proposamenak ikus-entzuneko eredu eta kontakizun hegemonikoak zalantzan jartzen ditu, hala nola entretenimenduaren industrian bere forma sutilenetan den matxismoa salatuz.

Elssie Ansareok (Mexiko Hiria, 1979) tamaina handiko zazpi argazki-erretratu erakusten ditu La danse des flâneuses (Flâneuses-en dantza) lanean (2007), kutsu beltz eta teatraltasun barrokokoak. Bi diptikok eta beste bi vanitas-ek osatua, horma-irudiak ikuslearen begiradarekin jolasten du pintura tradizionalaren irakurketa berria proposatuz. Bere aldetik, argazkigintzaren azken ekarpen teknologikoak erabiliz arkitekturaren espazio hutsei eta artearen historiaren errepresentazio klasikoei hurbilketa interesgarria ontzen du Jose Manuel Ballesterrek (Madrid, 1960); Velazquezen Meninak, Francisco Goyaren 1808ko maiatzaren 2ko fusilamenduak eta Theodore Gericaulten La Médusen almadia —5 x 7 metro luzera monumentalak errespetatuz— hustu ditu, ikuslearengan ezaguna denaren aurrean harridura sentimendua sorraraziz. Errege-erreginaren jauregia (2009) lanean Velazquezen maisulanaren sekretuak —espazioaren konposizio konplexua, perspektibaren erabilera bikaina, argi-ilunen jolasak eta atmosferaren adierazpen ezin hobea— agerian uzten ditu Ballesterrek, pertsonaien gabeziarekin agertokiaren garrantzia azpimarratuz.

Erakusketaren bigarren zatian bost margolan abstraktu aurkitzen ditugu, egiaz erakargarriak. Juan Usleren (Santander, Espainia, 1954) sail bereko bi pieza daude, 2002 eta 2013an gauzatuak, nahiko ilunak oro har. Metodikoki errepikatzen diren marratxoez osaturik —pintorearen jarduera fisikoaren aztarna— lerro bertikal eta horizontalak konbinatzen dira tonuen gradazio interesgarria lortu arte. Dario Urzairen (Bilbo, 1958) lanak Frakzioa (Mikrobertsoa I) batean eta Frakzioa (Mikrobertsoa II) batean (1997), muntatze inguratzaile batez bata bestearen parean (baina urrutiegi) kokaturik, atmosfera urdin eta hotzekoa bata, gorri eta berokoa bestea, pinturaren eta argazki digitalaren artean mugitzen dira, mundu organiko eta kosmikoak iradokiz, ontologia plastikoak balira bezala, azken emaitza estetikoki bikainak sortuz. Akabera antzekoa segitzen du —sentsuala, lodixkoa, distiratsua— Prudencio Irazabalen (Larrazubi, Araba, 1954) Titulurik gabea 767. zk. (1996) margolanak; efektu bisual konplexua lortzen du, gozagarria oso, Barnet Newmannen tragikotasun koloretsua gogorarazten diguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.