Kritika. Dantza

Edertasun ariketa

Agus Perez.
2023ko urriaren 24a
00:00
Entzun

Marta Graham Dance Company



Piezak eta koreografoak:Errand into the Maze (Luca Veggetti), Canticle for Innocent Comedians (Marta Graham eta beste batzuk), CAVE (Hofesch Schechter). Lekua: Gasteizko Principal antzokia.Eguna: urriaren 21a.

Gasteizko Principal antzokia ia goraino bete da Marta Graham konpainiaren etorrerarekin, eta gaualdian hiru dantza-lan eskaini dizkigute.

Lehenbiziko atalak —Luca Veggettiren Errand into the Maze— Grahamen 1947ko koreografia berrinterpretatu du. Jatorrizkoan Teseo eta Minotauroaren mitoa jokatzen zen eta oraingo honetan Ariadnaren pertsonaiak hartu du Teseoren rola, munstroa eta labirintoa haren barruko beldurrak eta mamuak izanik. Veggettik berak diseinaturiko jantziak Antzinaroko estiloa gogoratu digu Ariadnaren soineko zuri luzean, eta Minotauroa erdi gizaki erdi piztiaren itxurarekin agertu da, besoak beti altxatuta adarrak balira bezala, lantza moduko bati lepoarekin eusten, aurpegia maskara saredun batez ezabatuta eta ustezko biluztasunean.

Behegainean ausaz utzitako zinta zuri bat izan da elementu eszeniko bakarra: hasieran harekin irudikatu da heroiak jarraitu beharreko bide gorabeheratsua, eta beranduago espetxe zein babesleku izan zitekeen itxitura bihurtu zaigu. Gian Carlo Menottiren jatorrizko konposizioa zine-musikaren estilokoa da, baina giro tragiko aproposa sortu du, eta koreografiak sinbolismo handiz gainditu du piezaren urruneko kutsu figuratiboa.

Gaualdiko bigarren lanak—Canticle for Innocent Comedians— Grahamek naturaren zortzi elementuren omenez 1952an sortutako suite batean du oinarria, baina jatorrizko zati gehienak galdu egin ziren, Ilargiari eskainitakoa salbu. Oraingo berreraikitze arkeologikoan beste zazpi koreografok sortu dituzte galdutako atalak, eta orain zeharo fusionatu dira haiek guztiak, betiere salbatu zen zatiari zor zitzaion begirunetik.

Naturaren elementuak irudikatzean —euria, izarrak, sua...— ezer ez da eremu figuratiboan geratu, eta zikloramaren argi aldaketa diskretuek irudikatu dituzte, agian, elementu batzuen arteko aldeak. Keith Jarretten estiloko piano musikaren laguntzaz —Jason Moran konpositore— gertatu da guztia, eta, alde horretatik, esan genezake emakume bakar batek musikarik gabe dantzaturiko pasartea izan dela Grahamek Ilargiari eskainitakoa, emetasuna, bakardadea eta isiltasun osoa ezin hobeto irudikatuz. Bikaina izan da, era berean, Karen Youngen jantzien diseinu erdi klasiko erdi futurista, koloretsua eta, aldi batez, leuna.

Egitarauaren azken pieza Hofesch Schechterren CAVE izan da, aurreko bi lanen araztasuna zerbait arinagoarekin amaitu nahi izan balute bezala. Hala izan da atal horren lehen zatian musika technoaren laguntzaz dantzariak itxuraz libreki mugitzen ziren bitartean, baina ikusleen txalo erritmikoekin lagundutako pasartearen ostean agortuta geratu da proposamena, eta akabuko azken hamar minutuak soberakoak eta betelan itxurakoak iruditu zaizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.