'Markus Lüpertz. 1963-2013'
Non: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: maiatzaren 19a arte.
Pintura eta eskultura modu indartsu eta kultua, espontaneoa eta adierazkorra da oso Markus Lüpertz alemaniarrarena (Liberec, Bohemia, Txekiar Errepublika, 1941). Bilbotarrentzat guztiz ezezaguna ez bada ere —Abandoibarran bada haren eskultura publikoa eta museoak haren bi pieza ditu bere funtsetan—, oraingoan XX. mendeko bigarren erdiko artista erreferenteetako baten erakusketa konpletoa atondu du Bilboko Arte Ederren Museoak.
Neoespresionismo alemaniarraren barruan kokatua, Georg Baselitz, Sigmar Polke edo Anselm Kiefer margolariekin Neue Wilden deitu taldeko partaide izandakoa da Lüpertz, nahiz eta ibilbide indibiduala garatu duen. 60ko hamarkadan hasi zen margotzen Mendebaldeko Alemanian, hiri ezberdinetan ikasi eta lan eginez, eta espresionismo abstraktutik figurazioranzko bidea egin zuen gaztetan. 70etan nagusitu ziren kontzeptualismoaren eta minimalismoaren kontra, Lüpertz pintura agresiboa eta dinamikoa, gordina izaeraz eta monumentala formatuz, gauzatzen hasi zen, gorputzak eta paisaiak gai nagusi zituelarik. Haren lanak ezinbestean eboluzio ezberdinak jasan baditu ere, neoespresionismoaren ezaugarriak —tamaina handiak, teknika bortitza, pintzelkada jestualak, tonu kontraste biziak— mantendu ditu urteak joan ahala. Gaien aldetik, Lüpertzen ezinbesteko erreferentziak mitologia grekoa, artearen eta musikaren historiaren maisuak eta Alemaniako gertakizun historiko garaikideak dira, horiekiko berrinterpretazio pertsonalak gauzatuz.
Gama kromatiko zabala darabil, eta pintura lehorra, gorra. Forma figuratibo erraz identifikagarriak lantzen ditu, modu zakarrean marraztutakoak, sarri marrazkia bera margoagatik erabat ordezkatzeraino. Esparru abstraktu esanguratsuak eta orban eta zipriztindurak ere ohikoak dira. Ez da batere lirikoa, zarpaila eta zuzena baizik, asaldatzailea, apolineoa baino dioinisiakoa gehiago; obra koloretsua izanik ere, iluna da batzuetan, kutsu existentzialistakoa ere izan daitekeena, eta badu misterio aura bat. Eskulturetan, oinarrizko giza jarrera eta konposizio eta kanon klasikoa deformatzen, torturatzen du, leuntasuna zakartuz; kolore biziz margotu brontzezko piezek zinez dute izaera tragikomikoa, eta inpaktua eragiten dute ikuslearengan.
Kutsu antologikoa du erakusketak; 100 obra inguru, pinturak gehienak, baina baita hainbat eskultura, azken 50 urteetan egindakoak, bost espazio nagusitan banatuak. 60ko hamarkadako lehen koadroak ikus daitezke, pop artea estatubatuarrari erantzuna, Ditiranboak izeneko seriearen bidez; objektu arrunt eta formalki sinpleak handitu egiten ditu, modu ederrean. 70eko hamarkada hasieran Alemaniaren gertaera historiko terribleak ironikoki eta ikuspegi kritikoz tratatzen ditu erreferentzia militaren ikonografia erabiliaz. Denborarekin, Aristide Maillol eskultore frantsesaren lana abiapuntu hartuta giza figuraren trataeran hasi urratsak ikus daitezke; abstrakzioaren eta figurazioaren artean, motiboa bigarren maila batean geratzen da formak eta hauen arteko konposizioak interes osoa lortzeraino.
1985 eta 1993 tartean mitologia klasikoarekiko interesa agerikoa da; Irribarre mizenikoa seriea gailentzen da, baita artearen historiaren beste artista askorengan —Nicolas Poussin paisajista frantsesa, kasurako— inspiraturiko lanak ere. 90eko bukaeran paisaia eta vanitas kutsuko natura hil ezberdinak gauzatzen ditu, baina baso eszenak ere badira. Azken urteetan atzera begiratu eta hasierako tematika eta estiloa berreskuratzen du alemaniarrak, beti klasizismoaren begiradapean; hala, eskultura grekoak paisaian kokatzen ditu, galdutako Harkadia posmodernoak bailiren.
Erakusketako muntatzea soila eta orekatua da, aretoetan ez dago azalpen orientatiborik, ohiko hurrenkera kronologikoa edo aipu batzuk salbu; behin garbiketa kontzeptuala hasita, horiek ere sobera dira. Era berean, sarri garai berekoak ez diren obrak ere tartekatzen dira; eskema kronologikoarekin hausten duen antolatze sinkronikoak hasiera batean ikuslea nahastu badezake ere, funtsean artistaren sorkuntzaren eboluzioan errepikatzen diren konstante bisual eta tematikoak azpimarratzen lagundu, eta zentzu horretan funtzionatzen du erdibideko soluzioak, obrak berak eta artistaren diskurtso plastikoak osotasunean lortzen baitu protagonismoa garai edo estiloak zehazten dituzten jerarkizazioen gainetik.
Oro har ez dut gustuko artista bera eta bere obra erlazionatu edo nahastea, obra onak berez, artistaz gain, hitz egin behar baitu. Kasu honetan, alta, ezin utzi Lüpertzen presentzia fisikoari eta jarrerari —gorpuzkera inponentea, ahots indartsua, traje dotore bezain handikia— erreferentzia egiteari, artistaren beraren izaerak bat egiten baitu lan elegante eta basatiarekin, energikoarekin.
Artea. Kritika
Elegantzia basatia

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu