Kritika

Emakume paregabeak

2013ko uztailaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
China Moses & Raphael Lemonnier eta Buika

Lekua: Trinitate plaza. Eguna: uztailaren 27a. Jende kopurua: 2.400 lagun.

Ekuatore Gineatik erbesteratutako idazle eta politikari ohi baten alaba dugu Buika. Concepcion Balboa Buika (Mallorca, 1972). Mallorcako ijitoen komunitatea izan zuen bere bigarren etxea, eta hortik datorkio flamenkoaren ezagutza. Bere abestietan mina, samina eta maitasuna lotzen dira. Bizitzari buruz duen ikuspuntu pertsonala abestien barrenera errotzen du. Umorea eta drama uztartzen ditu, abestien oreka balantzan erortzeko arriskuan jarri arte. Kontzertu hasierako hitzak handik eta hemendik datoz, ez dirudi ordena dagoenik; esaldi batean edota hitz bakar batean kateatzen da, errepikatuz, kolpatuz,jolastuz. Baina kaosa zirudiena zuku indartsu eta espresibo bat bilakatzen da. Mi niña Lola abestu du. Ivan Lewis piano jotzaile kubatarra ez zaio gailentzen; aitzitik, konpenetrazio hutsez jotzen du. Eta berdin Ramon Porrina kajoiarekin. Buikarentzat naturala den eran dabiltza. Guztia minimora eraman eta Lewisek pianoa utzi eta tinbala jotzen hasi da. Buika hor dago, bi perkusioren gainetik abesten. Orroak egiten ditu, aurpegia estali, eta Ojos Verdes abestu du. Era sinpleenean ere dena aurrera doa, sendo. Harrigarria egiten da ahotsa hain biluzik uztea, beste osagai baten premia ez izatea, ez dakit, kontrabaxu bat, erritmoan laguntzeko, haizezko tresnen bat tarteak betetzeko? Bada, ez. Oraintxe irri, oraintxe trantzean, ahotik mila jeinu txiki aztoratu irtengo balioke bezalaxe abesten du. Oraingoan Nostalgia. Zer da hau? Afrika? Flamenkoa? Jazza? Buika da, Buika dugu, emakume paregabea. Erreboltari aldarria egiten diona. Pasiozko mundu irrazional horren erredentzioaren bila dabilen emakumea. Sarritan bihotza eskuarekin estaltzen du, batzuetan babesteko, besteetan esnatzeko, eta beti ere bere bihotz handiarekin hartu-emanak bilatzeko. Copla española deritzona goraipatzen du, eta aspaldiko kopla zaharkituari hautsak arrotzen dizkio, berreraikitze lanetan ari baita. Sentsualitatea eta eromena, zirt edo zart, folklorea eta berrikuntza. Bikain Buika.

Buika entzun aurretik, Frantzia aldetik, baina amerikar jazzaren zapore klasiko eta fin batekin etorri zaigu China Moses. Jazzaren historiaren abeslari handietako baten alaba da, Dee Dee Bridgewater-ena, hain zuzen ere. Raphael Lemonnier piano jotzailearen laguntza bikaina izan du, kontzertu osoa gidatu baitu dotore, gustu handiz eta teknikoki ezin hobe. Luigi Grasso saxo altoarekin, doinu xelebre eta jostagarri batekin jardun da. Eta erritmoa aurrera eramatenFabien Marcoz kontrabaxuarekin eta Jean Pierre Derouard bateriarekin oso ongi ibili dira.

China Mosesek azkar lortu du Trinitateko giroa berotzea. Crazy Blues ( Blues eroa) abestian erakutsi digu bere indarra eta xarma. Bere ahots ederra, interpretazio bikaina eta komunikatzeko gaitasun handiari esker, hasieratik bukaeraraino harrapatu gaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.