Kritika

Emoziotik zalapartara

Andris Nelsons. ADRIAN BURROWS.
Arkaitz Mendoza.
2011ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Musika

Birmingham Hiriko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Andris Nelsons. Pianista: Nikolai Luganski. Egitaraua: Ratxmaninoven3. pianorako kontzertua eta Mahlerren 1. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Urtarrilaren 23a.

Besaulkian eseri eta ezin geldirik egon. Iraganean bizitako emozioen dardarak guztiz urduritu ninduen. Duela hamabost bat urte Luganski eta haren irakasle Pletnev handiaren arteko ikaste saio pribatu bat gozatzeko aukera izan nuen, eta hor ere Ratxmaninov errusiarraren 3. Kontzertua landu zuten. Isil-isilik, adi, emozioz eta harriduraz nabarmendu nuen Luganskik teklatuan barrena zuen abilezia; hegan zebilen, ez zituen obra zail honen akorde biribilak zapaltzen; nota guztiak behetik gora altxatuz, hegaldi baten hasierako uneak ziruditen. Klasea amaitzean, hirurok xakean jokatzen amaitu genuen egunsentira arte; horretan ere Luganski garaile atera zen, inoiz ahaztuko ez dudan esperientzia harrigarria izanik oro.

Hamabost urte pasa eta gero, hor nuen Luganski berriz ere nire aurrean, Ratxmaninovekin berarekin, eta honakoan haren interpretazioak harridura xehetasunetik hegaldi luze batera eraman ninduen. Edozein piano jotzailerentzat obratzar honen akorde bakoitza izerdi ugari dakarren oztopo da, baina Luganskirentzat bidaia ameslari baten irudi bakar bat da, keinua edota pauso ñimiñoa soilik. Hala ere, cantabile uneetan ez zen soinu goxo eta leun baten bila abiatu, eta indar guztia amaierako Alla breve pasarte ikaragarrira zuzendu zuen.

Andris Nelsons zuzendaria Titan sinfoniarekin egin zen ezagun. Kontraesan eta zalantza ugari sorrarazi dit zuzendari gazte horrek: alde batetik, teknika bitxi eta zalapartatsu bat eta, bestetik, orkestrako kideen erantzun jator bat. Birminghameko musikariek ondo islatu zuten dinamika alorrean sakondu zituen diferentziak, baina obraren egitura formala gainbehera erori zen hainbeste keinu eta ñabardura pilatzean.

Oro har, Nelsonsen zeregina etengabekoa izan zen sinfonia osoan zehar, oro gehiegi ohartaraziz, musikarien gozamenaren askatasuna guztiz mugatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.